Gizartea -
Gasteizko jaiak
Estibaliz Ruiz de Azua izango da San Prudentzio jaietako pregoilaria
Arabako Foru Aldundiak kazetariaren lana goraipatu du, landa eremuaren beharrizanei ahotsa emateagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Estibaliz Ruiz de Azua kazetaria izango da 2017ko San Prudentzio eta Estibalizko Andre Mariaren jaietako pregoilaria, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak gaur iragarri duenez.
Foru Aldundiak kazetariaren "baloreak" ez ezik, "euskal kulturaren alde duen konpromisoa, aurrera egiteko espiritua eta gizartearen aldeko lana" azpimarratu ditu.
Kazetari gisa egindako lanaz gain, landa eremuan bizi diren pertsonen beharrizan eta aldarrikapenei ahotsa emateko egindako jarduna nabarmendu du; izan ere, Gebarako Administrazio Batzarreko lehendakaria da.
Ruiz de Azua Kazetaritzan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Komunikazioan, protokoloan eta harreman publikoetan aditua da, eta 1992an hasi zuen bere komunikazio ibilbidea Cadena Ser Gasteiz irratian. 2001etik, EiTB Taldean ari da, eta asteburuko "Teleberri" albistegiko aurkezlea da gaur egun.