Gizartea -
Gertakaria
Hil egin da Andoaingo sutean larri zauritutako gizona
Txakurraren bila sartu eta larri zauritu zen. Ostiralean hil zen hiru aste ospitalean egon eta gero.
Agentziak | Erredakzioa
Ostiralean hil zen Andoaingo (Gipuzkoa) lantegiaren sutean larri zauritutako gizona, Gurutzetako Ospitalean (Barakaldo) hiru aste ingresatuta egon ostean, erietxeko iturriek EFEri jakinarazi diotenez.
Antza denez, joan den urtarrilaren 26ko sutea nahita piztu zuten erabili gabe zegoen bi solairuko lantegi batean, Ama Kandida etorbidean, Andoainen. Etxerik ez zuten hainbat pertsonak egiten zuten lo.
55 urteko gizon kubatar bat hil zen sutearen ondorioz, eta beste hiru zauritu ziren. Horietako bat, atzo hil zena, oso larri eraman zuten Gurutzetako Ospitalera, erredura larriak zituelako.
Sutea gertatu eta hiru egunetara, 39 urteko gizona atxilotu zuen Ertzaintzak, sutearekin zerikusia zuelakoan. Susmagarria Tolosa inguruan lokalizatu zuten, eta bere kabuz joan zen herri horretako polizia-etxera. Agenteek atxilotu egin zuten. Tolosako epaitegira eraman ostean, kartzelaratu egin zuen epaileak.
Lantegiaren sutean zauritu ziren beste bi pertsonak Donostiako Ospitalera eraman zituzte kea arnastu zutelako, baina segituan eman zieten senda-agiria.