Gizartea -
Larunbat honetan
Errefuxiatuen harreraren aldeko manifestazio jendetsua, Bartzelonan
'Aitzakiarik ez. Errefuxiatuak har ditzagun orain!' leloa daraman pankarta eraman du martxaren buruan etorkinek osatutako talde batek. 160.000 lagunetik gora parte hartu dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Errefuxiatuak hartzearen aldeko manifestazio erraldoia izan da larunbat arratsalde honetan Bartzelonan, "Vollem acollir" ("Hartu nahi ditugu") lemapean. Gerra-gatazketatik ihes eginda dauden errefuxiatuak Europan hartu eta babesteko eskatu diete agintariei martxan parte hartu duten milaka lagunek.
Bartzelonako Udaleko iturrik baieztatu dutenez, 160.000 lagun inguruk parte hartu du mobilizazioan.
"Casa Nostra, Casa Vostra" kanpainak deitutako mobilizazioa Urquinaona Plazatik abiatzekoa zen 16:00etan, Layetana Etorbidetik jaitsi eta Itsas Pasealekuraino, baina bertan bildutako jendetzaren ondorioz, martxa hastear zenean, Layetana Etorbidea eta Pau Claris bezalako kaleak jendez gainezka zeuden jada.
'Aitzakiarik ez. Errefuxiatuak har ditzagun orain!' leloa daraman pankarta eraman du etorkinek osatutako talde batek martxaren buruan. Martxa bitartean jai-giroa nagusitu da, izan ere, adin guztietako lagunek parte hartu dute, horietako asko, etorkinak, baita adin txikikoak ere.
Errefuxiatuen aldeko mezuak erakutsi dituzte parte-hartzaileek. Argazkia: EiTB
Ada Colau Bartzelonako alkateak eta Kataluniako hainbat hiri garrantzitsuetako 100 bat alkatek bat egin dute mobilizazioarekin, eta parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Gauzak horrela, Kataluniako alderdi politiko guztiek, PPk izan ezik, manifestazioa babestu dute edota bertan izango direla iragarri.
Gainera, etorkinen edo errefuxiatuen alde lan egiten duten elkarte eta gobernuz kanpoko erakunde ugari izan dira gaur Bartzelonan, hala nola, Proactiva Open Arms, SOS Racisme, Tanquem els CIE kanpaina, Stop Mare Mortum eta Papeles para todos (Paperak Guztiontzat).
Martxari amaiera emateko, "La Fura dels Baus" antzerki-konpainiak emanaldia eskainiko du.
"Casa Nostra, Casa Vostra" manifestuak 68.000 aldeko sinadura batu ditu dagoeneko.