Gizartea -
Zientzialari eibartarra
Javier Gorosabel astrofisikariaren izena jarri diote asteroide bati
Erabaki horren bidez zientziaren ezagutza handitzeko egindako lana eskertu nahi izan dute Iruñeko Planetarioak eta Espainiako Astronomia Elkarteak.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko Planetarioak eta Espainiako Astronomia Elkarteak 1990 KB1 ezizenez ezaguna zen asteroidearen izena aldatu dute. Javier Gorosabel (1969-2015) Eibarko astrofisikariaren izena jarri diote, hil osteko omenaldi gisa. Zientziaren ezagutza handitzeko egindako lana eskertzea da ekimen horren helburu nagusia.
Asteroideen kasuan, baina, izenak hitz bakar batez osatuta egon behar direla agintzen du Nazioarteko Astronomia Elkarteak. Arrazoi horregatik, zientzialariaren izena eta abizena batzea erabaki dute Iruñeko Planetarioak eta Espainiako Astronomia Elkarteak. Hala, asteroide horren izena “Javiergorosabel” izango da aurrerantzean.
Javier Gorosabel Urkia 1969. urtean jaio zen. Bere bizitzako urte gehienak gamma izpien leherketa ikertzeari bideratu zituen, eta duela bi urte hil zen. Nazioartean zientziaren ezagutza handitzeko egindako lana aitortu diote. Arrazoi horregatik, Iruñeko Planetarioak hil osteko omenaldia egin nahi izan dio.
Halaber, astronomian egindako lan sakona azpimarratu du Iruñeko Planetarioak.
Javiergorosabel izena jarri dioten asteroidea 1990. urtean aurkitu zuten. Eleanor Francis Helin astrofisikaria izan zen horren berri izan zuen lehen pertsonak, eta 1990 KB1 izena jarri zion asteroide horri. Zazpi kilometro inguru neurtzen dituen asteroide horrek batez beste 3,47 urte behar ditu Eguzkiari bira osoa eman ahal izateko