Gizartea -
Alcasserko krimena
Paco Etxeberria forentseak hortz bat aurkitu du Alcasserren
ETB2ko 'El lector de Huesos' saiorako erreportaje bat grabatzen ari zirela egin dute aurkikuntza.
ERREDAKZIOA
Alcasserko hilketa gertatu zela 25 urte betetzen diren honetan, Paco Etxeberria forentsearen taldeak hortz bat topatu du Alcasserko hiru neskatoren gorpuak aurkitu zituzten hobiaren alboan.
ETB2ko "El lector de Huesos" saioaren bigarren denboraldirako erreportaje bat grabatzen ari zirela egin dute aurkikuntza, eta hortz hori Miriam Garcia, Antonia Gomez "Toñi" edota Desiree Hernandezena izan daitekeela uste du Etxeberriak.
Hortza Guardia Zibilaren esku utzi dute eta DNA probak argituko du hiru neskato horietako batena den ala ez.
ETBri egindako adierazpenetan Paco Etxeberria forentseak azaldu duenez, ez du uste hortzak kasuari ekarpen berririk egingo dionik. Hala ere, hilketaren tokian bertan egiten den lanaren garrantzia azpimarratu du. Ildo horretan, zeregin horrek sakona eta zehatza izan behar duela gaineratu du.
Miriam Garcia, Antonia Gomez "Toñi" eta Desiree Hernandez 1992ko azaroaren 13an ikusi zituzten azkenekoz, Picasent udalerriko diskoteka batera zihoazela. 75 egun geroago, 1993ko urtarrilaren 27an, erlezain batek hiru neskatoen gorpuak aurkitu zituen La Romana izenez ezaguna den inguru batean, Tous urtegitik gertu. Poliziaren ikerketaren arabera, Antonio Anglesek (26 urte) eta Miguel Ricartek (23 urte) hil zituzten. Anglesek ihes egin zuen eta, gaur egun, oraindik ez dute aurkitu. Miguel Ricarti, berriz, 170 urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta 21 urte espetxean igaro ostean, 2013ko azaroaren 29an aske utzi zuten.