Gizartea -
Ikerketa zientifikoa
Ikerbasquek 25 milioi euro erakarri zituen 2016an
Uriarte sailburuaren iritziz, aurreko urtean izandako emaitzek Euskadi 'zientzia alorreko erreferentzia gisa sendotu dute Europan'.
Agentziak | Erredakzioa
Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak 25 milioi euro erakarri zituen 2016. urtean ikerketa proiektuetarako, eta horrek marka berri bat jarri du. Horrenbestez, "mundu osoko ikertzaileak erakartzeko polotzat sendotu da".
Hala adierazi dute Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak eta Fernando Cossio Ikerbasque erakundeko zuzendari zientifikoak Donostian, joan zen urtean Ikerbasquek izandako emaitzen berri emateko asmoz gaur eman duten prentsaurrekoan. Bertan adierazi dutenez, frogatuta geratu da "ikerketa zientifikoaren aldeko apustuaren errentagarritasuna".
Uriartek jakinarazi duenaren arabera, "2016. urtean, Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko Ikerbasquek mundu osotik erakarri dituen ikertzaileek 25 milioi euroko funtsak lortu zituzten ikerketa proiektuetarako".
Sailburuaren hitzetan, 2007. urtetik Ikerbasqueko ikertzaileek "125 milioi euro inguru ekarri dute Euskadira", eta 2016. urtearen bukaeran "723 lanpostu sortzea ahalbideratu zuten".
Hezkuntza sailburuaren aburuz, Zientziaren Euskal Fundazioak erakutsi duenez, "lehiakortasunaren alorrean lortutako epe luzeko etekinarekin batera, ikerkuntzan inbertitzeak berehalako itzulkinak lor ditzake" sosetan Euskadirentzat.
Plazaratu dituzten datuek erakusten dutenez, 2016ko urte amaieran, Ikerbasquek kontratu mugagabea zuten 143 ikertzaile eta ikertzaile gazte zituen. Azken horiek Research Fellows deialdien bidez aukeratu dituzte, eta egun Euskadin daude bere ikerketa lanak egiten.
Fernando Cossioren esanetan, ikerlari horien guztien artean, 968 artikulu (aurreko urtean baino 131 gehiago) kaleratu zituzten iaz nazioarteko prestakuntza maila handiko hedabideetan.
2016an lortutako emaitza horien haritik, Euskadi "zientzia alorreko erreferente gisa sendotu da Europan", adierazi du Uriartek. "Ikerketa aurreratua duen eskualdea garela aitortzen dute nazioartean, mundu mailako kategoria duten euskal ikerketa taldeen jardunaz eta nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko baldintza egokien laguntzaz", erantsi du.