Gizartea -
Europa Liga
Gizon bat zauritu da, APOEL eta Athleticen zaleen arteko liskar batean
Gainera, hainbat lagun identifikatu dituzte bart Arriagaren inguruetan izan diren istiluetan. Zauritua Basurtuko Ospitalera eraman dute.
Agentziak | erredakzioa
Gizon bati hainbat ebaki egin dizkiote bart aurpegian eta pertsona talde bat identifikatu dute, Athleticen eta Nikosiako APOEL futbol taldeetako zaleen artean izandako liskarretan.
22:00ak aldera izan ziren istiluak, Arriaga Antzokiaren plazaren inguruetan, Bilbon, Zipreko taldearen eta Ernesto Valverdek gidatzen duen taldearen arteko partidaren bezperan, Europa Ligako final-hamaseirenetan.
Istiluen ondorioz, Zipreko gizon batek ebakiak zituen aurpegian, bekainean eta masailean. Bertaratu den anbulantzia bateko kideek artatu dute, Nafarroa eta Adiskidetasun kaleek bat egiten duten tokian, Zazpikaleetatik gertu.
Ondoren, baina, Basurtuko Ospitalera eraman behar izan dute, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Europa Pressi azaldu dionez.
Bilboko Udaltzaingoaren arabera, APOELeko 10-15 bat kidek eta Herri Norte Athleticen zaleen taldeko 40 bat kidek Arriaga Antzokitik gertu bat egin eta borroka hasi dute.
Zipreko beste talde batzuk ere bat egiten saiatu dira, baina Udaltzaingoak "tentsioa baretu" du, aipatutako iturrien esanetan.
Handik gutxira, bi taldeak Nafarroa kalerantz abiatu dira, baina tarte horretan Udaltzaingoak taldeak desegin ditu eta ibilgailuen zirkulazioa ere eten egin du, hamar bat minutuz.
Bilboko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak gainera, eta zenbait pertsona identifikatu dituzte. Zaleek, baina, alde egin dute poliziak iristen ikusi dituztenean.