Gizartea -

Delitua

ReSet youtuberra deklaratzera deitu dute, etxegabe bat umiliatzeagatik

19 urteko youtuberrak hortzetako pasta barruan zuten gaileta batzuk eman zizkion kalean zegoen gizonari. Ondoren, bideoa Interneten zabaldu zuen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etxegabe bati hogei euro eta hortzetako pasta barruan zuten gaileta batzuk eman eta bideoa Interneten zabaltzeagatik ikertutako youtuberra deklaratzera deitu du Bartzelonako 33 zenbakiko Instrukzio Epaitegiko epaileak.

Iturri judizialek zabaldutakoaren arabera, martxoaren 13an deklaratu beharko du epailearen aurrean, polizia-etxean ez baitzuen gertatutakoaren azalpenik eman.

Bideo horretan ikus daitekeenez, ReSet ezizenez ezaguna den youtuberrak hortzetako pasta sartu zuen gaileta batzuen barruan, kalera irten zen eta etxegabe bati eman zizkion.

Gizonaren erreakzioa grabatzeaz gain, etxera bueltatu zenean bere iritzia eman zuen, eta gaileta horiei esker gizonari “hortzak garbitzen” lagundu ziola esan zuen. Youtuber horrek milioi bat jarraitzaile inguru ditu, eta bideoa bere sare sozialen bidez zabaldu zuen.

Bartzelonako Udaltzaingoak etxegabearengana jotzea erabaki zuen, eta salaketa jartzeko aukera eman zion, gazteak umiliatu egin zuela iritzita eta egindakoa delitua izan daitekeelakoan. Zehazki, gizarte-bazterketa arriskuan dagoen pertsona horren ohorea ez errespetatzeagatik salatu dute youtuberra, eta gorroto delitu baten erantzulea izan daitekeela uste dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Youtube Delituak albisteak Sare sozialak berriak Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea