Gizartea -
Droga-trafikoa
Hiru kilo kokaina atzitu dituzte Getxon, hamaka batzuen oihal barruan
Hamakak hegazkinez heldu ziren Madrilera Brasildik, eta posta bidez bidali zituzten Getxora.
Agentziak
Zerga Administrazioko Estatu Agentziak eta Polizia Nazionalak hamaka batzuen oihalen barnean sartuta zeuden eta lehen begiratuan atzeman ezin zitezkeen hiru kilo kokaina atzitu dituzte, Espainiako Gobernu Ordezkaritzak jakitera eman duenez.
Hamakak hegazkinez heldu ziren Madrilera Brasildik, eta posta bidez bidali zituzten Getxora. Kokaina purutasun handikoa zen, eta 30.000 dosi atera zitezkeen bertatik. Dosi horien truke 200.000 euro atera zitezkeen legez kanpoko merkatuan.
Salgaien inportazio eta esportazioen gainean egiten diren ohiko kontrol baten harira hasi zen martxan operazioa. Brasildik zetorren eta Getxoko bizilagun bati zuzenduta zegoen pakete batek aduanako agenteen susmoak piztu zituen.
Pakete horrek landu gabeko itxura zuten sei hamaka zeuden. Drogen aurkako testa egin zieten, eta positibo eman zuten kokainan.
Droga-trafikatzaileek hamaka bakoitza kokainan busti zuten, eta, horrenbestez, droga oihal barruan zegoen sartuta. Behin helmugara iritsita, alderantzizko prozesua besterik ez zen egin behar kokaina ateratzeko, laborategi handi baten laguntzarik gabe: hamakak uretan sartu kokaina askatzeko, eta ondoren droga produktu kimiko batekin landu.
Droga antzeman ostean, poliziako agenteek zaintza jarri zuten drogaren hartzailea izan behar zuenaren gainean, eta atxilotu egin zuten.