Gizartea -
Akademiaren salaketa
30.000 euro balio duten bitxiak ostu dituzte Goya sarietan
Bitxiak hotel bateko gela batean zituzten, giltzapean. Jantziez arduratzen ziren langileak sartu ahal ziren bertara.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Poliziak ikerketa abiatu du 2017ko Goya sarien galan hainbat bitxi ostu zituztela jakin ondoren. Bitxiak Madrilgo Marriott Auditorium hoteleko gela batean zituzten, giltzapean.
Albistea zenbait komunikabidek eman dute, eta Madrilgo Poliziaren Buruzagitza Nagusiak baieztatu du. Komunikabide horiek azaldu dutenez, hoteleko segurtasun kamerek artutako irudiak aztertzen ari dira orain, proba bila.
Ebatsitako piezen artean, eraztunak, belarritakoak, erlojuak eta mahuka-bikiak daude, Suarez bitxi-dendakoak guztiak. Bitxitegi ezagunek bitxiak utzi ohi dizkiete galara joaten diren gonbidatuei eta aurkezleei, eta horietako batzuk dira, hain justu, ostutakoak.
Hoteleko Segurtasun arduradunak eta Goya sarien galako produkzio-buruak aurkeztu dute salaketa. Horien esanetan, ebatsitako bitxiak giltzapean zegoen gela batean zituzten, kutxa batean sartuta. Astelehenean konturatu ei ziren falta zirela (larunbat gauean izan zen gala), bitxi-dendek utzitako piezak bilatzeari ekin ziotenean.
Jantziez arduratzen ziren langileak sartu ahal ziren gela horretara, eta ateko sarraila ez zegoen apurtuta. Horrenbestez, lapurrak gelara zelan sartu ziren ikertzen ari da orain Polizia.