Gizartea -

Matxismoa

Emakume baten gorputzean logoa marraztu izana deitoratu du Fagorrek

Kooperatibak azaldu duenez, sekula ez du baimendu biluzik ageri den emakumearen gorputzean bere logotipoa marraztea. Horren berri izan zuenean, berehala kentzeko agindu zuen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Industrientzat etxetresna elektrikoak ekoizten dituen Fagor Industrial kooperatibak polemika baten erdian ikusi du bere burua. Joan den astean, Bratislavako (Eslovakia) azoka batean gerritik gora biluzik zegoen emakume bat ikus zitekeen, gorputzean Fagorren logotipoa marraztuta zuena.

Polemika ostiral honetan piztu da, Juantxo Iturria Gipuzkoako Batzar Nagusietako Podemos-Ahal Duguko bozeramaileak horri buruzko argazki bat zabaldu duenean Twitterren duen kontuaren bidez. Argazki horretan, gorputza zuriz margotuta duen emakume bat ageri da, eta, horren gainean, Fagorren logotipoa marraztuta ikusi daiteke.

Fagor Industrial kooperatibak ohar bat argitaratu du Twitterren, bere bertsioa emateko. Hala, bere irudiaren inguruan erabilera okerra egin dutela deitoratu du, eta kooperatibaren irizpideak errespetatzen ez dituen promozioa izan dela azpimarratu du.

Fagorrek azaldu duenez, ez zekien bere irudia horrela erabiliko zutenik, ez baitzuen horretarako baimenik eman. Ildo horretatik, banatzaile batek bere marka erabiltzeko baimena eskatu eta hark eman egin ziola esan du. Fagorrek horren berri izan zuenean, berehala kentzeko agindu zuen.

Fagor Industrial kooperatibako ordezkari batek azaldu duenez, joan den ostegunean, urtarrilaren 26an, jazo zen gertaera. Zehazki, Bratislavako (Eslovakia) nazioarteko azokaren lehen egunean.

Fagorren banatzaile batek azoka horretan parte hartzeko baimena eskatu zion, eta Fagor Industrial kooperatibak baiezkoa eman eta material grafiko guztiak bidali zizkion.

Hala, emakumearen irudia gisa horretan erabiliko zenik ez zekitela ziurtatu dute. Fagorreko ordezkari batek biluzik zegoen emakumea ikusi zuenean, modeloaren janzkera berehala aldatzeko agindua eman zuen, kooperatibaren irizpideak urratzen zituelakoan, eta banatzaileak agindua errespetatu zuen.

Hurrengo egunetan (azokak urtarrilaren 29an itxi zituen ateak), modeloa jantzita agertu zen.

Fagorrek kaleratu duen oharrean, markaren irudiari buruzko erabilera okerra egin dela deitoratu dute, eta Fagorrek “emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean sinetsi” egiten duela azpimarratu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Fagor Tratu txarrak Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea Eslovakia azken ordukoa Matxismoa gaur