Gizartea -
Adikzioen euskal Legea
Kalamu elkarteen arautzea bertan behera utzi du Konstituzionalak
Espainiako Gobernuak Jaurlaritzaren Adikzio Legearen 83. artikuluaren kontra jarritako helegitea onartu du, horrenbestez, Auzitegiak.
Agentziak | Erredakzioa
Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu du Adikzioen euskal Legearen 83. artikuluaren kontra Espainiako Gobernuak jarritako helegitea, eta, horrenbestez, artikulu hori ?kalamu elkarteen arautzeari dagokiona? behin-behinean utzi du bertan behera.
Espainiako Gobernuak Auzitegira jo zuen, arautzeak Estatuko eskuduntzak urratzen dituelakoan. Rajoyren Gobernua eta Jaurlaritza hainbat errekurtsoren harira negoziatzen ibili ziren, eta Udal Legearen kontra iragarritakoa behintzat ez aurkeztea adostu zuten. Adikzioen Legearen artikulu honi dagokionean, ordea, ez zen akordiorik lortu, eta helegitea aurkeztu zuen azkenean Espainiako Gobernuak.
Gobernu zentralaren iritzian, kalamu elkarteen jarduna arautzean, Estatuko botiken inguruan duen legea urratu du Jaurlaritzak, baita zigor arloko eta segurtasun publikoko arauak ere.
Helegitea tramitera onartzekotan, araudia behin-behinean bertan behera uztea eskatu zuen Espainiako Gobernuak.
Behin-behinean bertan behera utzitako artikuluak "kalamua kontsumitzen duten pertsonen erakundeak" sortzea ahalbidetzen du. Aipaturiko klubetan kalamua kontsumitzea posible izango da eta helduek sartu ahal izango dute baldin eta baldintza batzuk betetzen badituzte. Gainera, elkarte horiek kalamuaren eta beste substantzia batzuen kontsumo arduratsua bultzatuko dute.
Hala ere, Konstituzionalaren erabakiak ez die Adikzioen euskal Legearen gainerako artikuluei eragiten. Lege horren arabera, futbol zelaietan eta frontoietan eta tabakoa erretzea eta edari alkoholdunak saltzea baimenduta dago. Bestalde, tabakoa erretzea debekatuta dagoen tokietan zigarro elektronikoa kontsumitzea debekatzen du aipaturiko legeak.