Gizartea -

Denboralea

Bi eraikin hustu dituzte Donostian, beste bat erortzeko arriskuagatik

Kaltetutako bizilagunak ezingo dira etxera itzuli Uxotegi eraikina egonkortzeko lanak amaitu arte.

Donostiako portuaren. Argazkia: EiTB
Donostiako portuaren. Argazkia: EiTB
Etxe zahar bat erortzeko arriskuan dago Donostiako Portuan

euskadi irratia | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hainbat etxebizitza hustu behar izan dituzte bart Donostiako portu aldean, azken orduotako haize bolada indartsuen ondorioz konpontze lanetan ari diren alboko eraikin bat jausteko arriskua zegoelako. Ondorioz, kaiko pasealekuko 1 eta 2 zenbakietako zenbait bizilagunek etxetik kanpo igaro dute gaua.

Donostiako Udaleko iturriek gaur jakinarazi dutenez, Portuan dagoen San Pedro kaperaren inguruko etxebizitzetan gertatu da. Antza denez, Uxotegi eraikinean konpontze lanak egiten ari diren teknikariek fatxada zatiak eror zitezkeela ohartarazi zuten 19:30ak aldera. Dirudienez, haize bolada gogorrek eta euriak eragin dute arrisku egoera.

Fatxada zatiak erortzeko arriskua zela-eta, bi eraikinetako bizilagunak etxetik atera zituzten. Zenbait bizilagunek senideen etxeetan igaro dute gaua eta beste batzuek, berriz, Donostiako hoteletan.

Kaltetutako bizilagunak ezingo dira etxera itzuli Uxotegi eraikina egonkortzeko lanak amaitu eta erortzeko arriskurik ez dagoela bermatu arte.

Udala eraikinaren jabearekin harremanetan jarri da. Antza denez, egonkortze lanak egiteko garabi bereziak behar dira eta, beraz, astelehenera arte ez dira lanean hasiko.

Haizearen Orrazia, Paseo Berria eta Leizaola Pasealekua itxita, olatuengatik

Bestalde, Donostiako Udaleko Babes Zibilak alerta laranjari dagokion protokoloa ezarri du denboralea dela-eta, badaezpadako neurri gisa.

Atzo Udalak ohar bidez jakinarazi duenez, goizeko zazpietatik hamarretara bitartean bidez mozketak egin dituzte, itsasgorarekin bat eginez. Zehatz-mehatz esanda, Paseo Berria, Leizaola Pasealekua eta Haizearen Orrazia ibilgailuei eta oinezkoei ixtea erabaki du, olatu handiak espero zirelako.

Halaber, Salamanca pasealekua ere itxita egon da, Soraluze eta San Juan kaleen artean, eta Aldamar kaleko 7. zenbakiak Salamanca pasealekuarekin bat egiten duen tokian. Gainera, Leizaola Pasealekua (Zurriolako kai muturra) eta Haizearen Orrazia (Eduardo Chillida pasealekua) ere ibilgailuentzat eta oinezkoentzat itxita egon dira. Bestalde, Kursaaleko zubiko espaloia eta bidegorria ere itxita egon dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Denboraleak albisteak