Gizartea -
Otsailak 4
Hogei urte barru 22 milioi minbizi-kasu diagnostikatuko dira urtean
Larunbat honetan, otsailak 4, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna gogora ekarriko du Osasunerako Munduko Erakundeak (OME).
Eitb.eus
Larunbat honetan, otsailak 4, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna gogora ekarriko du Osasunerako Munduko Erakundeak (OME). Minbiziak gero eta eragin handiagoa duenez, helburu nagusia kontzientziazioa eta sentsibilizazioa bultzatzea da. OMEren estatistikek diotenez, 2012an 8,2 milioi minbizi-kasu gehiago erregistratu ziren, eta erakunde horren aurreikuspenen arabera, bi hamarkada barru 22 milioi minbizi-kasu diagnostikatuko dira urtean.
Arrazoi horregatik, prebentzioa eta detekzio goiztiarra funtsezkoak dira minbizi-kasuen gorakada saihesteko. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohar baten bidez jakinarazi duenez, minbizi-kasuen % 60 Afrikan, Asian eta Amerikan (erdialdean zein hegoaldean) detektatzen dira. Hala, minbiziak eraginda nazioartean gertatzen diren heriotzen % 70 herrialde horietan izaten dira, besteak beste, detekzio goiztiarra nabari atzeratu egiten delako eta gaixotasunari aurre egiteko sendagaiek prezio altuegia dutelako.
Hala, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna gogoeta egiteko aukera paregabea da, eta batik bat, minbiziari aurre egiteko norberak zer egin dezakeen pentsatzeko. "Elkarrekin lor dezakegu. Nik ere lor dezaket" lelopean, nazioarteko kanpainak "pentsatzeko, konpromisoa hatzeko eta hori gauzatzeko" deia luzatzen die herritarrei zein kolektiboei ere. "Guztioi eragiten digun gaitza izanik, pertsona orok neurriak har ditzake gaixotasunaren eragina murrizteko", esan du NBEk.
Halaber, minbiziari buruz hedatutako uste faltsuak ezabatzea da kanpainaren beste helburu nagusietako bat. Ildo horretatik, pertsona batek maitatu, bizitza osasuntsua eraman, gaixotasunari aurre egin eta laguntza eskatu dezakeela esan du OMEk. Gainera, minbiziari aurre egiteko ikerketa bultzatzen dugun bitartean, elkarrekin eskola, lantoki eta hiri osasuntsuagoak sortu ditzakegula azpimarratu du erakundeak.
ONUk gogora ekarri duenez, minbizia zelulen alterazio genetikoaren ondorioz sortzen da. Batzuetan organo jakin batean gera daiteke, baina besteetan gorputzeko organoetara hedatzen da. Oinarrizko jarraibideekin (tabakorik ez kontsumitzea) minbizia kasu gehienak saihestu daitezke. Gainera, egungo tratamendu askok (kimioterapiak, erradioterapiak edota ebakuntzak) gaixotasun horri aurre egiten laguntzen dute, bereziki goiz detektatzen bada.
Minbizi motei dagokienez, biriketakoa, heste lodikoa, gibelekoa, biriketakoa eta bularrekoa dira hilkortasun-tasa handiena dutenak. Osasunaren Mundu Erakundearen iritziz, minbizien % 30 saihets daiteke erretzeari utzita, ariketa fisikoa eginda, elikadura osasuntsua izanda, alkohola utzita eta sedentarismoari aurre eginez.