Gizartea -

Abisu horia haizeagatik

Bi pertsona zauritu dira Bilbon ohol batzuk lurrera erorita

Jado plazan jazo da istripua. Bestalde, haizea tarteko, Bilboko Aireportuan lur hartu ezinda geratu dira bi hegazkin.

Hegazkin bat Bilboko aireportutik irtetzen. EFE
Loiuko aireportua. eFE
Bi zauritu Bilbon, haizeak botatako ohol batzuk harrapatuta

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbon, bi pertsona zauritu dira haizeak lurrera bota dituen obrako ohol batzuk harrapatuta, Segurtasun Sailak eitb.eus-i azaldu dionez.

Gertakaria Jado plazan jazo da, 09:45 aldera. Oinezkoetako bat Basurtuko Ospitalera eraman behar izan dute, eta bestea bere kabuz joan da osasun-etxera.

Bestalde, Vueling konpainiako bi hegaldi Bilboko aireportuan lur hartu ezinda geratu dira haize bolada gogorrengatik, AENAk eitb.eus-i jakinarazi dionez. Bartzelonatik zetozen biak, eta segurtasunez lur hartzeko baldintzak ez zirenez, jatorrira itzuli dira. 

Iturrion arabera, gainerako hegaldiek normaltasunez jardun dute, eta, oraingoz, programatutako irteera eta sarrera guztiak bere horretan daude.

Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) abisu horia dago indarrean, haizeguneetan 120 km/h-ko boladak espero baitira. Bizkaian eta Gipuzkoan, 80 km/h-ko ufadak aurreikusi dira haizeguneetan, eta Araban, 60 km/h-koak.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak EAEn duen estazio sarearen datuei erreparatuta, Urduñakoan atzeman dute bolada bortitzena (124 km/h-koa), Zugaztietan (Trapagaran) eta Oizen hortik beherakoak zenbatu dituzte: 105 eta 104 km/h-koak, hurrenez hurren. Haizeguneak ez direnetan ere, gogor dabil hego haizea: Deustun 104 km/h-ko boladak izan dira, eta Galindon (Trapagaran), 84koak.

Errepideetan, haizeak trabak eragin ditu bigarren mailako errepideetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. GI-2631 errepidea itxi dute, Asteasun (Gipuzkoa), arbola bat bidera jausi baita. Gauza bera jazo da Orozkon, BI-3513 errepidean. Hori dela eta, itxita egon da, 07:30etik 08:58ra bitartean, arbola bertatik kendu duten arte.

Abisu horia ostiral goizaldera arte egongo da indarrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Loiuko Aireportuko Albisteak Gizartea albisteak Gaurko azken orduko albistea