Gizartea -
Eguraldia
Alerta laranja ezarri dute ostiral eta larunbaterako, haizeagatik
Haizeguneetan, 120 km/h-ko abiadura gaindituko dute ufadek. Leku babestuagoetan, 100 km/h-tik gora joko du haizeak.
EITB.EUS
Haizeagatik ezarritako abisuaren maila igo du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, eta alerta laranja izango da indarrean ostiralean eta larunbatean. Izan ere, Euskalmeten iragarpenaren arabera, ufadek 120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, eta 100 km/h-koak, leku babestuagoetan. Halaber, ostegun gauean hasi eta larunbatera arte, abisu horia jarriko du indarrean olatu handiengatik.
Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzak adierazi duenez, ostiraleko goizaldeko hirurak arte eta goizeko bederatzietatik arratsaldeko seiak bitartean abisu horia ezarriko du haizeagatik haizeguneetan. 100 kilometro orduko haize ufadak espero dira, bereziki mendebaldeko mendi guneetan.
Hegoaldeko haizeak indarra hartuko du goizaldeko hiruretatik aurrera eta arratsaldean zehar (18:00-24:00) eta, ondorioz, haizeari dagokion alerta laranja aktibatuko du Eusko Jaurlaritzak. 120 kilometro orduko haize ufadak espero dira, bereziki mendebaldeko mendi guneetan.
Haize guneak ez diren tokietan, berriz, abisu horia 03:00etatik 12:00etara eta 18:00etatik 21:00etara egongo da indarrean. Haize boladek 80-90 kilometroko abiadura gaindi dezakete Bizkaian eta Araban, eta Gipuzkoan, berriz, 60-80 kilometro orduko abiadura.
Hala ere, gauetik aurrera haizeak indarra hartuko du eta 100 haize boladek kilometro orduko abiadura gaindi dezakete. Ondorioz, Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzak alerta laranja aktibatuko du gauerdira arte.
Haizeari dagokion alerta laranja larunbat goizaldeko hirurak arte egongo da indarrean; 120 kilometro orduko boladak espero dira haizeguneetan eta 100 kilometro ordukoak, berriz, haize guneetan. Une horretatik aurrera, haizeak indarra galduko du. Hala ere, haizeari dagokion abisu horia indarrean egongo da, toki babestuetan, goizaldeko seiak arte; eta haizeguneetan, egun osoan zehar.
Gainera, ostegunean, ostiralean eta larunbatean itsasaldeko arriskuari dagokion abisu horia indarrean egongo da. Izan ere, 5 metro bitarteko olatuak espero dira.
Haizearen Orrazia, Paseo Berria eta Leizaola Pasealekua itxita, olatuengatik
Donostiako Udalak ostiralean Paseo Berria, Leizaola Pasealekua eta Haizearen Orrazia ibilgailuei eta oinezkoei ixtea erabaki du, olatu handiak espero direlako.
Ohar bidez jakinarazi duenez, goizeko zazpietatik hamarretara bitartean egingo dira bide mozketak, itsasgorarekin bat eginez.
Halaber, Salamanca pasealekua ere itxita egongo da, Soraluze eta San Juan kaleen artean, eta Aldamar kaleko 7. zenbakiak Salamanca pasealekuarekin bat egiten duen tokian. Gainera, Leizaola Pasealekua (Zurriolako kai muturra) eta Haizearen Orrazia (Eduardo Chillida pasealekua) ere ibilgailuentzat eta oinezkoentzat itxita egongo dira.
Bestalde, Kursaaleko zubiko espaloia eta bidegorria ere itxita egongo dira.