Gizartea -

Trafikoa

60 radar eta abiaduraz ohartarazteko gailuak jarriko ditu Espainiak

Barne ministroak 15 neurri iragarri ditu zirkulazio ezbeharrak murrizteko.

Radarra. Artxiboko argazkia: EiTB
Radarra. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak "premiazko" 15 neurri iragarri ditu zirkulazio istripuak murrizteko. Esate baterako, 60 radar finko, segurtasun uhalaren erabilera ziurtatzeko kamerak eta gehiegizko abiaduraz ohartarazteko gailuak jarriko ditu arriskutsuak diren eta istripu asko izaten diren errepide tarteetan.

Zoido ministroak agerraldia egin du gaur goizean Diputatuen Kongresuko Bide Segurtasun eta Mugikortasun Jasangarriari buruzko Batzordean, eta bertan eman ditu azalpenak.

Ministroak esan duenez, 60 radar finko ipiniko dituzte abiadura mugatzeko neurri osagarriak jartzea aztertu edota bestelako neurriak hartu dituzten errepide tarteetan. Horren esanetan, radar horien kokapena Espainiako Trafiko Zuzendaritzaren webgunean (DGT) argitaratuko da, eta, beraz, erabiltzaileek radar finko berri horiek non dauden jakin ahal izango dute.

Halaber, Espainiako Trafiko Zuzendaritzak erabiltzaileek segurtasun uhala erabiltzen duten ala ez egiaztatzeko kamera gehiago jarriko ditu Estatuko errepideetan, eskumenak ez dituen lurraldeetan, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Katalunian, salbu. Kamera horien kokapena ere, DGTren webgunean kontsultatu ahal izango da.

Bestalde, matrikulak irakurtzeko gailuak ere ipiniko dituzte mezuak erakusten dituzten errepideetako paneletan, gehiegizko abiadura gainditzen duten ibilgailuek abiadura murriztu dezaten. Ministroaren hitzetan, ez dituzte zigorrak jartzeko erabiliko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Espainiako Gobernua albisteak Gizartea Eguneko albisteak