Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
Ikasgai batzuen irakaskuntzan aldaketak egingo ditu Jaurlaritzak
Hezkuntza sailburuaren esanetan, PISA txostenean lortutako emaitza txarrek hobetzeko 'estimulu' izan behar dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak gaur iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak koordinazio sistemak indartuko ditu eta Matematika, Zientzia, Teknologia eta Hizkuntza alorreko ikasgaiak irakasteko modua aldatuko du. Iaz, EAEko ikasleek aurreko urtean baino emaitza txarragoak lortu zituzten PISA txostenean, eta, ondorioz, Jaurlaritzak hainbat neurri hartuko dituela aurreratu du Uriartek.
Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean, bere sailak datozen lau urteetan izango dituen lan ildo nagusiak azaltzeko.
Euskadiko hezkuntza sistema ona dela azpimarratu ostean, PISA txostenaren azken emaitzek agerian uzten dute "hobekuntzarako tartea" dagoela, horren esanetan. Abenduan argitaratu ziren 2015eko PISA txostenaren emaitzen arabera, Zientzietan, Irakurmenean eta Matematikan behera egin dute EAEko ikasleek, aurrekoetan lortutako emaitzekin alderatuta.
Horrez gain, eta ikastetxe bakoitzeko proiektuak hala ahalbideratzen badu, Lehen Hezkuntzako laugarren mailan ikasgai bat gutxienez ingelesez emango dutela iragarri du Hezkuntza sailburuak. Bestalde, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lehen zikloan bigarren hizkuntza bat irakasteko aukera sustatuko dute. Horretarako, irakasleak formatu behar direla aitortu du Uriartek, eta plan berezi bat iragarri du.
Uriartek agerraldia egingo du laster Eusko Legebiltzarrean, euskal hezkuntza sistemari buruzko barne diagnostikoa eta horri lotutako ekimenak aurkezteko.
Hezkuntza ituna
Bestalde, legegintzaldi honetan hezkuntza itun "irmoa" eta Euskal Hezkuntza Legea adostu beharra daudela aldarrikatu du sailburuak. Halaber, Euskadik hezkuntza alorrean dituen eskumenen defentsa "zorrotza" egingo duela ohartarazi du.
Protesta Eusko Legebiltzarraren atarian
Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataformak salatu duenez, itundutako zenbait ikastetxek "matrikulazio prozesu paraleloak" abiatu dituzte. Egoera horren aurrean, matrikulazio bulego bakarra eta publikoa sortzea aldarrikatu du, familia guztien "aukera berdintasuna" bermatzeko.