Gizartea -
Indarkeria matxista
Sara Majarenasen alabak lehen fase kritikoa gainditu du
Arnasa hartzeko laguntza behar du, baina sukarra jaitsi zaio. Presoak atzo egin zion bisita, aitak labankadaz zauritu zuenetik bigarrenez.
Agentziak | Erredakzioa
Izar, Valentzian aitak labanaz zauritu zuen bi urte eta erdiko neskatoa, onera egiten ari da eta lehen fase kritikoa (aurreneko 72 orduak) gainditu du. Amak, Sara Majarenas euskal presoak, bisita egin ahal izan zion atzo, aitak eraso zionetik bigarrenez.
Patricia Velez eta Urtzi Errazkin Etxerat euskal preso politikoen senitarteko eta lagunen elkarteko kideen hitzetan, haurrak Valentziako La Fe Ospitaleko zainketa intentsiboen unitatean jarraitzen du, eta "aurrera egiten ari da apurka-apurka".
"Oraingoz, arnasa hartzeko makina behar du, eta egunero plakak egiten dizkiote. Larri dago oraindik, baina sukarra jaitsi zaio", azaldu dute.
Etxerateko kideen arabera, amak ordu eta erdiko bisita egin zion atzo erietxean. Majarenasen bikotekide ohi eta neskatoaren aitak labanaz eraso ziola aitortu zion igandean Poliziari. Sabelean, bizkarrean eta besoetan eman zizkion sastadak, eta birika bat zulatuta du.
Velezen hitzetan, presoa Donostiara hurbiltzeko "izapide guztiak egiten ari dira". Salatu duenez, "salbuespen legea" ari zaizkio aplikatzen presoari (beteak ditu zigorraren hiru laurdenak). "Duela bi urte etxean behar zuen, Izarrekin", gaineratu du.
Hain justu, Majarenasen auzia salatzeko, elkarretaratzea deitu du Sare euskal presoen aldeko gizarte mugimenduak larunbaterako. Donostian izango da, Alderdi Ederren. Sortuk bat egin du deialdiarekin, eta "euskal preso politikoek pairatzen duten salbuespen legea bertan behera uzteko garaia" dela aldarrikatu du.