Gizartea -
Denboralea
Hotz handia egingo du Hego Euskal Herrian, gutxienez ostiralera arte
Muturreko tenperatura baxuak izango diren arren, ez da prezipitaziorik espero aste osoan. Nafarroan, bihar, zero azpitik 4 eta 10 gradu arteko tenperaturak izatea espero da.
Agentziak | Erredakzioa
Asteazken honetatik aurrera EAEn hotz handia egingo duela iragarri du Euskalmetek. Tenperatura maximoak 0 ºC inguruan geratuko dira, eta minimoak -5 ºC-koak edo are baxuagoak izango dira. Hala, tenperaturek nabarmen egingo dute behera datozen egunetan.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, egun hauetan izozte orokorrak izango dira, eta barrualdean izango dute eragin handiena. Tenperatura minimoak ostegun edota ostiral goizaldean erregistratuko dira, baina asteazken honetan egingo du hotz handiena; izan ere, tenperatura maximoak ez dira 0 ºC-tik gora igoko.
Asteazken honetan, tenperaturak 1 eta 3 ºC artekoak izango dira kostaldean, 0 eta 2 ºC artekoak barnealdean, eta 0 eta 2 ºC artekoak Ebro ibaiaren ardatzean.
Ipar-ekialdeko haizearen eraginez, hotz handia egingo du asteazken honetan, batez ere egunaren lehen zatian. Sentsazio termikoa -10 eta -15 ºC-tik beherakoa izan daiteke mendialdean, -10 ºC-tik beherakoa barnealdean eta -5 ºC-tik beherakoa kostaldean.
Bilbon, 0 ºC-ko tenperatura minimoak eta 4 ºC-ko tenperatura maximoak espero dira asteazken honetan, -2 eta 6 artekoak ostegunean, eta -4 eta 9 artekoak ostiralean. Donostian, aldiz, asteazken honetan -3 eta 2 ºC arteko tenperaturak iragarri ditu Euskalmetek asteazken honetan, -3 eta 4 ºC artekoak ostegunean eta -3 eta 7 ºC artekoak hurrengo egunean.
Gasteizen, -5 ºC-ko tenperatura minimoak eta 0 ºC-ko maximoak espero dituzte asteazken honetan, -6 eta 2 ºC artekoak ostegunean, eta -7 eta 7 ºC artekoak ostiralean.
Muturreko tenperatura baxuak izango diren arren, ez da prezipitaziorik espero aste osoan, asteazkenean izan ezik. Egun horretan, baliteke prezipitazio arinen bat izatea, mendebaldean gehienbat. Prezipitaziorik eginez gero, elur moduan izango litzateke edozein kotatan.
-4 eta -10 ºC arteko tenperaturak Nafarroan
Nafarroari dagokionez, gaur, asteazkena, zerua oskarbi egotea espero da, baina mendebaldean hodeiak areagotuko dira pixkanaka. Gainerakoan, behe-hodeiak izango direla aurreikusi dute.
Tenperaturei dagokienez, behera egitea espero da, hotzaldiaren eraginez, Lizarra inguruan izan ezik, han bere horretan mantentzea espero baitute. Maximoak, aldiz, nabarmen jaitsiko dira Foru Erkidegoko mendebaldean eta hegoaldean; tenperatura minimoa, gaur, -10 ºC-koa izango da Erronkarrin eta -6koa Lizarran. Izotza han-hemenka agertuko da, Erribera inguruan arinak eta Pirinioetan zein Baztanen gogorrak.
Ostegunean, tenperaturak -4 ºC-tik beherakoak izatea espero da, Erriberabeitian izan ezik, eta -10ekoak Pirinioetan eta Baztanen.
Haizea ahula eta aldakorra izango da iparraldean, eta ipar-haize ahula nagusituko da gainerakoan.