Gizartea -

Zezenketak

Donostiako Aste Nagusian zezenketak egiteko aukera egongo da

Zezenketei buruzko galdeketa atzeratuta, Udalak ez luke ahalmenik izango udan zezenketak antolatzeko eskaera legal bati ezetz esateko.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eneko Goia alkateak jakinarazi duenez, zezenketei buruzko herri-galdeketa "ez da maiatza edo ekaina baino lehen egingo" eta, ondorioz, ezinezkoa izango litzateke Donostiako Aste Nagusian zezenketak antolatu nahi dituen enpresa bati baimena ukatzea.

Donostiako Udalak galdeketa egiteko baimena eskatu zion Espainiako Gobernuari, baina Alderdi Popularraren Exekutiboak hilabete eta erdiz luzatu du erantzuna emateko epea.

Udalak otsailaren 19rako iragarri zuen galdeketa, baina ezinezkoa izango da, Espainiako Gobernuak martxo erdialdera emango duelako erantzuna.

Goiak azaldu duenez, ondo pentsatuta aukeratu zuten galdeketa egiteko data, Aste Nagusiko zezenketak antolatzen dituen enpresari "arrazoizko epe baten barruan" erantzutea ahalbidetuko zuelako.

Alabaina, galdeketa maiatza edo ekainera arte atzeratuta, ezinezkoa izango litzateke erreferendumaren erantzuna aplikatzea eta aldi berean enpresa horri garaiz erantzuteko epea errespetatzea.

"Jarduera legal baterako eskakizuna heltzen bazaigu, arrazoizko epe batean erantzutea besterik ez dugu", adierazi du Goiak.

Zezenketak egiteko baimena ukatzeko, galdeketa eginda egotea eta ezetza gailentzea ezinbestekoa dela azpimarratu du, "bestelakoa ideologia bat inposatzea izango litzateke, eta Udalak legearen baitan jarduten du", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostiako Aste Nagusia Donostia Gizartea albisteak Gaurko azken ordukoa