Gizartea -

Hilketa matxista

Ibaiaren emari handiak Burlatan hildako emakumea bilatzea oztopatu du

Helikoptero bat airetik aritu da ingurua miatzen, eta hainbat herritar lurretik ibili dira bazterrak arakatzen.

Gorpua Arreko zubitik behera bota zuela esan du gizonak. EFE
Arreko zubia. EFE
Blanca Marquesen bila jarraitzen dute Ultzama eta Arga ibaietan

1:37

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Senarrak hil eta ibaira jaurtitako Burlatako emakumearen gorpua bilatzeko lanei ekin diete berriro Nafarroan. Azken orduetan ezinezkoa izan da lanok egitea, Ultzama ibaiko (Argaren adarra) urak oso hazita zeudelako, hotzak bazterrak izoztu dituelako eta goizaldera arte euria egin duelako. Goizean, baina, eguraldiak apur bat hobera egin duenez, berriro ekin diete lanei.

Nafarroako Larrialdi Zerbitzuetatik azaldu dutenez, helikoptero bat hasi da inguruak miatzen.

50 urteko iruindarra Espainiako Poliziaren komisariara joan zen atzo hilketa matxista aitortzera. Krimena larunbatean egin zuen, emaztearekin sesioa eduki ondoren. 48 urteko Burlatako emakumea itota hil zuen gizonak.

Biharamunean, igandean, Arreko zubitik Ultzama ibaira bota zuen gorpua, gizonak aitortu zuenez.

Gaitzespena

Biktima Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaietako langilea eta ordezkari sindikala zen. Hilketaren berri izan duenean, gaurko iragarrita zuen prentsaurrekoa bertan behera utzi du Miguel Laparra foru presidenteordeak, dolu gisa. Burlatako Udalak ezohiko osoko bilkura eta elkarretaratzea deitu ditu hilketa gaitzesteko. 19:00etan izango da, Larrañeta plazan.

--------

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak gaur Nafarroako albisteak Gizartea Burlata albisteak