Gizartea -
Elkarretaratzea Bilbon
ETAk atentatuak egindako tokietan ekitaldirik ez onartzeko eskatu dute
Halaber, Jose Maria Agirreren amak eta emazteak bat egin dute Guggenheim museoaren plazan bildu diren ertzainekin.
Agentziak | Erredakzioa
200 ertzain inguru elkartu dira astelehen honetan Bilbon, Guggenheim museoaren plazan. ETAk atentatuak egin zituen lekuetan ETAko presoen aldeko ekitaldirik ez baimentzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari.
Zehazki, Jose Maria Agirre plazan egin dute elkarretaratzea. ETAk 1997. urtean hil zuen, eta duela bi aste, urtarrilaren 7an, Etxeratek ekitaldi bat egin zuen. Protesta horretan bildu diren ertzainek esan dutenez, Agirreren hiltzailea (Eneko Gogeaskoetxea) aipatu zuten bertan.
Astelehen honetan egindako elkarretaratzean, Euspel (Euskal Polizien Elkartasuna) eta Esan (Ertzaintzaren Sindikatu Abertzale Nazionala) sindikatuek jokabide hori arbuiatu dute. Halaber, Agirreren amak eta emazteak protesta horretan parte hartu dute.
“Errespetu falta bat handi da ETAko presoei babesa ematen dietenei hiltzaile baten askatasuna aldarrikatzen uztea, bereziki gure lankideari bizkarretik tiro egin zioten toki berean bada”, azpimarratu dute. Hala, irainduta eta babesik gabe sentitzen direla esan dute.
“Ez dugu normaltasun hori onartuko, ez delako bat ere normala”, gaineratu dute. ETAk hildako lankide guztiak gogora ekarri ostean, gertatutakoa ez dutela ahaztu eta etorkizunean ere ez dutela ahaztuko ziurtatu dute Bilbon elkartu diren ertzainek.
Alderdi Popularreko ordezkari batzuek (Nerea Llanos, Anton Damborenea, Luis Eguiluz eta Beatriz Marcos) eta Florencio Dominguez Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroko zuzendariak bat egin dute beraiekin.