Gizartea -

INDARKERIA MATXISTA

Gizon batek emaztea hil eta gorpua Arga ibaira bota du, Burlatan

Hala aitortu dio gizon batek Poliziari. Arga ibaian ari dira emakumearen bila, Burlata, Atarrabia eta Arren parean, baina denboraleak bilaketa oztopatzen du.

Gizon batek emaztea hil eta gorpua Arga ibaira bota du

1:15

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Burlatako bizilagun batek bikotekidea hil eta gorpua Arga ibaira bota du. Hala aitortu dio gaur goizean Espainiako Poliziari, Iruñeko komisariara bertaratuta.

Poliziak bikoteak Burlatan duen etxera joan dira berehala, baina ez dute emakumea aurkitu. Poliziak, suhiltzaileen laguntzarekin, Arga ibaian ari dira emakumearen bila, Burlata, Atarrabia eta Arre parean.

Euriteen ondorioz Arga ibaia hazita doa eta horrek bilaketa-lana oztopatzen du.

Gizona atxilotu egin dute eta 72 ordu igarotzen direnean epailearen aurrera eramango dute. Hark emandako testigantzari erabateko sinesgarritasun eman dio Poliziak, EiTBk jakin ahal izan duenez.

Desagertutako emakumeak 48 urte ditu eta Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaietako departamentuko langilea da.

Iruñeko emakumeen kontrako indarkeriari buruzko epaitegiak ikertuko du gertakaria.

Arreko zubia Nafarroa EFE

Arreko zubia Nafarroa EFE

(Emaztearen gorpua Arreko zubitik behera bota zuela esan du atxilotuak. EFE)

Bilaketarako dispositiborik berezirik gabe

Bestalde, Nafarroako Gobernuko iturriek zehaztu du ezin izan dutela emakumea bilatzeko protokoloa abian jarri, eguraldi txarra dela eta.

Euri-jasen ondorioz, Arga ibaia gainezka doa eta ezinezkoa da txalupekin bertan sartzea. Era berean, helikopteroak ezin izan du aireratu, haizeteengatik alerta horia dagoelako.

Gainera, ibai ertzean ere ezin da bilaketarik egin, hainbat tokitan gainezka egin duelako.

Horrenbestez, larrialdi zerbitzuek ezin izan dute dispositibo berezirik martxan jarri, baina denboraleagatik Arga ibaiaren inguruan daude poliziak eta suhiltzaileak emakumearen bila ari dira.

---

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Nafarroako albisteak Gizartea albisteak Burlata albisteak Gaurko azken ordukoa