Gizartea -

Indarkeria matxista

Sara Majarenas presoaren alaba larri dago, aitak labankadaz zaurituta

Sara Majarenas Picassenteko (Valentzia) kartzelan dago preso. Bi urteko alaba berarekin bizi da. Irteera batean egin dio eraso aitak.

Suhiltzaileek etxebizitzako atea apur behar izan zuten sartzeko. EFE
Sara Majarenasen alaba, larri. EFE
Suhiltzaileek etxebizitzako atea apur behar izan zuten sartzeko. EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gizon bat atxilotu dute Benifaio herrian (Valentzia), bi urte eta erdiko alabari eraso egin diola jakinarazi ostean. Toraxean eta bizkarrean labankadaz zaurituta aurkitu zuten agenteek, eta Valentziako La Fe ospitalean dago.

Ikerketaren iturrien arabera, erasoa igande goizean gertatu zen, 10:30ean, eta gizona Udaltzaingoaren bulegoetara joan zen ondoren, alaba hil zuela esatera.

Guardia zibilak eta udaltzainak gizonaren etxera joan ziren, eta zuloa egin behar izan zuten atean sartu ahal izateko, inork ez baitzuen atea zabaltzen.

Barrura sartutakoan, umea kordea galdu gabe aurkitu zuten, bularraldean labana bat sartuta zuela. Bi zauri zituen, bularraldean bata eta bizkarrean bestea, eta biriketako bat zulatuta zuen.

Umea Sara Majarenas euskal presoaren alaba da. Picassenteko espetxean dago zigorra betetzen, eta alabarekin bizi da han. Neskatoak hiru urte beteko ditu martxoan, baina adin hori bete arte, amarekin espetxean bizitzeko eskubidea du.

Valentziako Generalitateak iragarri duenez, ordea, bere gain hartuko du neskatoaren tutoretza, eta harrera mota egokiena zein den aztertuko du.

Bestalde, gertakari "larri" honen aurrean, Eneko Goia Donostiako alkateak bilkura isila deitu astearte honetan, udaletxe aurrean, 12:00etan.

Etxeratek dio “mendeku saiakera” izan dela

Bestalde, Etxeratek azpimarratu du Sara Majarenas presoaren alabari egindako erasoa aitaren “mendeku saiakera  bat” izan dela, bikotea banatzeko prozesuan zegoelako.

Patricia Velez eta Nahike Diaz Etxeratek bozeramaileek premiazko agerraldia egin dute Donostian, gertakariari buruzko xehetasunak azaltzeko eta Majarenasi “babesa eta  berotasuna” helarazteko.

“Indarkeria matxista kasu berri baten aurrean gaude”, adierazi dute. “Bikotea banatzeko prozesuan zegoen eta gizonak mendekua bilatu du, oraindik hiru urte ere ez dituen alabari eraso eginda, amari min egiteko”, erantsi dute.

Aitak “hainbat aldiz” sastakatu zuela azaldu dute. Haurtxo larri zauritu zuen, “baina larrialdiko bi ebakuntza egin ostean, medikuek egonkortzea lortu zuten”, kontatu dute.  Une honetan neskatoa zainketa intentsiboetako unitatean dago.

Majarenasen abokatuak lanean ari dira, amak ahalik eta azkarren umea ikusi ahal izateko.

“Horrelako egoera bat ziega batean ama batek nola bizi duen imajinatzea ez da zaila; ez da zaila imajinatzea izapide burokratiko amaigabeak nola bizi dituen imajinatzea, alabaren ondoan egoteko eskubidea osoa duenean”, azaldu dute.

Umearen zaintza bere amaren eta amamaren esku geratu dela jakinarazi dute. Etxeratek indarkeria matxista salatu du eta “koldarkeriatzat” jo du “amari min egiteko asmoz umeek kontra indarkeria erabiltzea”.

Bestalde, komunikabide batzuek gai hau nola jorratu duten kritikatu dute, “gertakariaren larritasuna azpimarratu beharrean, ama nor den eta ETAko militantea izan zela nabarmendu dutelako”. “Gizarte honek ezin du biolentzia estruktural hau onartu”, gaineratu dute.

Amaitzeko, euskal presoen kasuan sakabanaketak edozein egoera “larriagotzen” duela ohartarazi dute.

---

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak Gizartea albisteak Eguneko albisteak