Gizartea -
Denboralea
Alerta Bizkaian eta Gipuzkoan euriagatik; Nafarroan elur-jausiengatik
Nekez gaindituko dituzte 0º-ak toki askotan. Bihar hotzaldia helduko da, eta elur-kotak nabarmen jaitsi-araziko ditu.
eitb.eus
Euriteengatik alerta laranja ezarri du biharko Bizkaian eta Gipuzkoan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, ekialdean bereziki, han euri-jasarik handienak izango baitira.
Nafarroan, elur kota 900 metro inguruan kokatuko da goizean, arratsaldean 600era jaitsi eta, egunaren azken partean, 200 metroraino eroriko da. Elur-jausiengatik aktibatutako alerta, egun osoan izango da indarrean.
Euskalmetek jakitera eman duenez, fronte epel batek euriteak ekarriko ditu, eta litekeena da metro karratu bakoitzeko 80 litro baino gehiago pilatzea Gipuzkoako ekialdean, eta 60 litro, berriz, kantaurialdean.
Uholdeak izateko arriskua handia da, azken egunotan ere euria egin duelako eta zonalde altuko izotza urtzen hasi delako. Arrisku hori handiagoa da Urumea, Oria eta Debako arroetan.
Euriarekin batera, ipar-mendebaldeko haizea espero da mendi-zonaldeetan eta kostaldeko zonaldeetan, 80-100 km/h-koak ageriko zonaldeetan eta 60-80 km/h-koak gainerakoetan.
Gainera, Aemetek jakinarazi duenez, Nafarroan alerta laranja aktibatu dute Pirinio inguruan elur-jausiak izateko arriskuagatik, gauerdira arte, eta muturreko tenperaturengatik asteartean, egun osoan.
Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira iparraldean, eta gora egingo dute apur bat hegoaldean.
Atzo, igandea, Iruñeko Babes Zibilak alertaren lehen maila aktibatu zuen, Argak Iruñean gainezka egiteko arriskua dela eta.
Asteartetik aurrera hotzaldi batek tenperaturak izoztuko ditu, eta 0º-ak nekez gaindituko dituzte zonaldeko toki askotan.
Hotzaldi horrek 2-3 egun iraungo du, eta ez du apenas euririk ekarriko, baina egotekotan, elurra botako luke itsas-mailan.
Hainbat Udal, tartean Getxokoa, krisiari aurre egiteko mahaia prestatu dute, uholdeengatik egon daitezkeen kalteak aurreikusteko.