Gizartea -
Iñigo cabacaesn auzia
Bizkaiko Auzitegiak ez du Ugarteko auzipetuko 'Cabacas' kasuan
'Gara' egunkariak jasotzen duenez, berretsi egin du aurretik Ana Torres instrukzio-epaileak hartutako erabakia.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko Auzitegi Probintzialak baztertu egin du 'Cabacas' auziaren barruan Ugarteko izeneko ertzainburua auzipetzea. Ugarteko izan zen 2012ko apirilean 5ean Bilbon izan zen Ertzaintzaren operatiboa zuzentzearen ardura izan zuena, eta operatibo horretan Iñigo Cabacas gazteak gomazko pilota baten kolpea jaso eta horren ondorioz hil egin zen.
Modu horretan, Ana Torres instrukzio-epaileak hartutako erabakia berretsi du. Torresek uko egin zion aipatu ertzainburua auzipetu gisa deitzeari, eta, horren aurrean, Cabacas sendiko abokatuak erabaki hori errekurritu egin zuen.
Gara egunkariak larunbat honetan plazaratu duenez, Auzitegi Probintzialak honako eskari hauek ere baztertu egin ditu: batetik, egunkari batean euren zenbait lankidek "gezurra esan" zutela adierazi zuten ertzainei berriro deklarazioa hartzea; bestetik, bideo-grabazioen eta audio-grabazioen artean bi minutuko aldea zergatik dagoen aztertzea.
Iñigo Cabacasen familiak Ugarteko deitzea eskatu zuen; izan ere, auzipetuta dagoen arduradunetako batek instrukzio-epailearen aurrean adierazi zuenaren arabera, hura izan zen egun horretan aginduak eman zituena, eta, grabazio batean jasotzen denez, Ugartekoren aginduei jarraiki eta bere "irizpidearen kontra" jokatu zuen arduradun horrek.
Ana Torresen zein Bizkaiko Auzitegiaren aburuz, "ikertzeko arrazoi bakarra egintzaren egile zuzena nor izan zen aurkitzea da". Euren esanetan, "Ugartekok jarduera bakoitzera bertaratzen diren baliabideak koordinatzen ditu, baina kalean dagoen arduradunari dagokio egoera bakoitza kudeatzeko egokiak diren erabakiak hartzea".
Aitzitik, Bizkaiko Auzitegi Probintzialak onartu egin du gertakaritik gertu eta kaleko jantzita zeuden bi ertzain lekuko gisa deitzea.