Gizartea -
Sexu abusuak
Modeloei sexu abusuak egitea egozten diote Donostiako argazkilari bati
Auzira bederatzi emakume azaldu dira, 90eko urteetatik 2013 urtera bitartean gertatutako egintza batzuengatik.
Agentziak | Ererdakzioa
Donostiako 4 zenbakidun Instrukzio Epaitegiak ikerketa penal bat dauka abian Donostiako argazkilari baten aurka, bere modeloen gainean egindako ustezko hainbat delitu leporatzen baitizkio: besteak beste, sexu-abusuak, adingabeak galbidean jartzea eta haur pornografia egitea.
Kasuko iturriek jakitera eman dutenez, auzira bederatzi emakume aurkeztu dira, eta horietako bi adingabeak ziren gertaerak jazo zirenean; izan ere, ikerketapean dauden egintzak 90eko urteetan hasi eta 2013 urtera bitartean gertatu ziren. Hain zuzen ere, azken urte horretan aurkeztu zen lehendabiziko kereila epailearen aurrean, eta, gerora, besteak gaineratu zaizkio.
Joan zen asteartean jakinarazitako autoan, 4 zenbakidun Instrukzio Epaitegiak azaltzen du "nahiz eta oraindik izapideak egiteke geratu", zantzuak daudela auzipetuak "sexu askatasunaren aurkako egintzetan" zein "iruzur" eta "irain" delituetan parte hartu izana.
Gorago aipatutako iturrien esanetan, ikertzen ari diren egintzak auzipetuaren estudio profesionalean zein bere etxebizitzan jazo ziren, eta biktimak modelo gazteak eta mundu horretan sartu nahi zuten neskak ziren.
Sexu askatasunaren kontrako delituez gain, iruzurra ere leporatzen zaio, biktimek ustez "engainupean" sinatu baitzituzten zenbait kontratu berarekin. Horretaz aparte, beste bi delitutan ere nahasita legoke: batetik, argazki konprometituak argitara emateaz "mehatxatzea" (neskek bere saioetara joaten jarrai zezaten), eta, bestetik, "iraintzea", argazki horietako batzuk webgune pornografikoetan argitaratu zituelako euren benetako izenarekin.
Azkenik, haur pornografia egin eta hedatzea ere egozten diote, ustez "adingabeekin sexu kutsudun saioak" egiteagatik, eta baita adingabeak galbidean jartzea, sexu erasoak egitea eta sekretuak argitaratzea ere.