Gizartea -

Haur transexualak

Chrysallis elkartearen kanpainako kartel bat apurtu dute Gasteizen

Zabalgana auzoan jazo da erasoa. Markesinako erakusleihoa apurtu eta afixa lurrera bota dute.

Argazkia: Chrysallis Euskal Herria
Argazkia: Chrysallis Euskal Herria
Argazkia: Chrysallis Euskal Herria

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Chrysallis Euskal Herria elkarteak haur transexualen errealitatea ezagutarazteko abiatu duten kanpainako kartel bat apurtu dute Gasteizen.

Urtarrilaren 10etik Hego Euskal Herriko autobus eta metro geltokietan eta sare sozialetan ikusgai dago "Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak" izeneko kanpaina.

Gasteizko Udaleko iturriek EFE albiste agentziari baieztatu diotenez, kartela zegoen markesinako erakusleihoa apurtu eta afixa lurrera bota dute bart.

Iturrion arabera, argitzeke dago eraso transfobikoa edo ekintza bandalikoa izan den. Oraingoz, ez dute salaketarik jaso.

Chrysallis Euskal Herria elkarteak ohar batean nabarmendu duenez, "kanpainaren aurka egin dutenek beste eztabaida bat jarri dute mahai gainean". Izan ere, elkartekoen ustez, "pertsona guztientzako eskubide guztien errespetuaren eta adierazpen askatasunaren aurka egin dute".

Atzo jakin zenez, Chrysallisen kontra eginbideak abiatzeko eskatu dio Tomas Moro elkarte katolikoak Fiskaltzari. Adingabeak galbidean jartzeagatik salatu du Chrysallis, kanpainan ume biluziak ageri direlako eta "publizitate engainagarria" darabilelako.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteiz albisteak Gaurko azken ordukoa