Gizartea -

Sexu-gehiegikeriak adingabeei

Mendizabalek sexu abusuak egin zizkiola kontatu du biktima batek

'Berria' egunkariari eskainitako elkarrizketan, Donostiako bikario ohiak 1994ko udan Burgin egindako kanpaleku batean sexu gehiegikeriak egin zizkiola azaldu du. 13 urte zituen.

Juan Kruz Mendizabal 'Kakux'. Artxiboko argazkia: EiTB
Juan Kruz Mendizabal 'Kakux'. Artxiboko argazkia: EiTB
Mendizabalen biktima batek berari egindako abusuen testigantza eman du

2:09

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainaren aurrean Juan Kruz Mendizabal "Kakux" apaiza salatu zuen gizonezkoak Berria egunkariari emandako lekukotzaren arabera, Donostiako bikario ohiak sexu gehiegikeriak egin zizkion 1994ko udan Burgin eskaut taldeen kanpaleku batean. 13 urte zituen orduan.

Gotzainaren aurrean salaketa aurkeztu duen hirugarren gizonezkoak (M.A.) azaldu duenez, Mendizabal Euskalerriko Eskautak taldeko Gipuzkoako Elizaren ordezkaria zen, eta horregatik parte hartzen zuen 13 eta 16 urte arteko neska-mutikoen kanpalekuetan.

Gau batean, biktima kanpadenda batean, bakarrik, lotan zegoela, lo-zakuaren barruan esku bat nabaritu zuen, eta zakila eta barrabilak ukitu zizkion.

"Ezin nuen sinetsi. Norbait arnasestuka sentitu nuen denda barruan, beste eskuarekin masturbatzen ari zen bitartean. Berehala jakin nuen bera zela. Jakin nuen, besterik gabe, aurpegira begiratu behar izan gabe", adierazi du.

Horren esanetan, mugitzen hasi zen, esnatzen hasi izan balitz bezala, eta erasotzaileak eskua atera zuen. Baina berriro sartu zuen eskua, eta, alde egiten ez zuela ikusita, ura eskatzen hasi zen geroz eta ozenago, berarengandik libratzeko. Mendizabalek lasaitzeko esan omen zion, eta ura berak ekarriko ziola.

Biktimaren lekukotzaren arabera, salto batean dendatik atera eta, hainbat begiraleren aurrean, Mendizabali oldartu zitzaion. "Irainka hasi nintzaion, garrasika, nola egin zezakeen horrelakorik", gaineratu du.

Lasaitzea lortu zutenean Burgiko taberna batera eraman zuten, kanpalekuan zegoen beste apaiz batekin eta begirale batzuekin batera. Ondoren, apaiza berarengana hurbildu omen zen asko sentitzen zuela esanez eta laguntzarik behar izatekotan lagunduko ziola esanez.

M.A.k azaldu duenez, Mendizabali azalpenak eskatu zizkiotenean mutikoak amesgaiztoa izan zuela eta oihuka esnatu zela azaldu zuen.

Kanpamentua amaitutakoan, begiraleak mutikoaren gurasoekin elkartu ziren haren etxean. Mendizabalek gertatutakoa ukatzen jarraitzen zuela nabarmendu zuten, eta gurasoek, gertakari bakana zela pentsatuta, ezer ez egitea erabaki zuten.

"Ez zen bortizkeria fisikorik egon, ez ninduen lotu, ez ninduen behartu; baina egin zuena egin zuen ni adingabea nintzelako, ume bat, aprobetxaturik bakarrik nengoela, aprobetxaturik konfiantza nuela berarekin", azpimarratu du.

Spotlight pelikula ikusi eta hileta batean Mendizabal ikusteak gertatua berritu zion gazteari eta orain bere buruarekin zuen zorra kitatu duela sentitu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia bideoak Gipuzkoako albisteak Delituak bideoak Salaketak berriak Eguneko albisteak Nerabezaroa albisteak Eraso sexualak gaur Sexu abusuak Elizan Eliza Katolikoa albisteak