Gizartea -

Denboralea

Abisu horia: larunbatean 300 metroan egin lezake elurra

Jaurlaritzak Neguko Bidezaintza Plana jarri du martxan. Nafarroako Gobernuak asteburuan autoa ez erabiltzea gomendatu du.

Horrela dago gaur Artesiagako mendatea (Nafarroa). Argazkia: Isidro Etxeberria
Artesiaga. Isidro Etxeberria
Eguraldi txarra eta elurra iragarri dute astebururako

1:29

E.G. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elurra izango dugu asteburu osoan, Euskalmeten iragarpenaren arabera. Larunbat goizean botako du baxuen, 300 metroan ere egin dezake eta. Hori dela eta, abisu horia ezarri du Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak ostiralerako, larunbaterako eta iganderako.

Iragarpenaren arabera, egunak aurrera egin ahala, elur-maila jaisten joango da, eta 600-700 metroan bota dezake goizean, eta 500 metroan, gauean. Larunbatean, 400-500 metroan kokatuko da kota, eta 300era jaits liteke. Arratsaldean, berriz, gora egingo du, 600-700 metrora. Igande goizaldean, 500-700 metroan bota lezake, baina goizak aurrera egin ahala, gora egingo du eta 1.000 metroan kokatuko da arratsaldean.

Nafarroan, alerta laranja ezarri du Aemet Estatuko Meteorologia Agentziak ostiralerako eta larunbaterako. Elurteak espero dira erkidegoaren erdialdean eta isurialde atlantikoan, baita Pirinioetan ere. Elur-kota 400 eta 600 metro artean kokatuko da.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Neguko Bidezaintza Plana jarri du martxan ostiral honetan, "eraginkortasun osoarekin". Elur-kota 700 metrotik behera denean jartzen dute indarrean plan hau, eta, iragarpenaren arabera, 500 metrora ere zuritu lezake egunotan.

 

 

Hain justu, asteburuko iragarpenari jarraiki, Arabako Foru Aldundiak bertan behera utzi ditu eskola kiroleko ekintzak. Bertan behera geratu dira eskola kiroleko garraioa, baita kirol jarduerak ere, estalitako instalazioetan egin eta parte-hartzaileetako inor beste herri batera joaterik eskatzen ez dutenak izak ezik.

Nafarroako Gobernuak, bestalde, "zuhurtzia" eskatu die herritarrei asteburuan espero den eguraldia dela eta. Hala, astebururako iragarritako joan-etorriak aurreratzeko edo atzeratzeko eskatu die, eta, nolanahi ere, garraio publikoa erabil dezatela.

Mendiguneetan, elurraz gozatzeko irteerak datorren astera atzeratzea gomendatu du, eta ibilgailu pribatua soilik ezinbestekoak diren bidaietarako erabiltzea. Kasu horietan, gainera, neguan gidatzeko ohiko gomendioei kasu egin beharko zaie: irten aurretik errepideen egoerari buruz informatzea eta hurrengo orduetarako iragarpenen berri izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa azken ordukoa Eguraldia Bilbao Gizartea bideoak Elurra argazkiak Albisteak