Gizartea -
Barakaldoko ikastetxea
La Milagrosako langileek protesta egingo dute, itxiera saihesteko
Barakaldoko ikastetxe horren itxiera saihesteko laguntza eskatu diete agintariei, eta 39 langileren lanpostuak kolokan daudela ziurtatu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Barakaldoko (Bizkaia) La Milagrosa ikastetxeko langileek mobilizazioak egingo dituztela iragarri dute ostegun honetan, eraikinaren jabearekin akordiorik lortu ezean ateak ixteko arriskua dagoelako. Arrazoi horregatik, 39 langileren lanpostuak kolokan daudela esan dute eta laguntza eskatu diete agintariei.
La Milagrosa ikastetxeko Ikasleen Guraso Elkarteak jakinarazi duenez, Miranda Fundazioak eraikinaren alokairuaren prezioa adosteko asmorik ez badu ikastetxearen ateak itxi beharko dituzte.
Elkarteak ohar baten bidez azaldu duenez, Langile Batzordeak mobilizazioak egitea adostu du, eta La Milagrosaren itxiera saihesteko arratsaldero elkartuko dira ikastetxe horren aurrean. Halaber, protesta egiteko deia luzatu diete Barakaldoko bizilagunei.
Gianera, urtarrilaren 17an Barakaldoko Udaletxearen aurrean bilduko dira (17:30ean), eta urtarrilaren 19an, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza delegazioaren aurrean (18:00etan).
Beste alde batetik, laguntza eskatu diete erakundeei, eta bilera egiteko eskatu diete Amaia del Campori (Barakaldoko alkatea), Miranda Fundazioari eta Eusko Jaurlaritzari. Hala, 39 langileren lanpostuak kolokan daudela gogora ekarri dute.