Gizartea -
Eguraldia
Beste hotz denborale batek -5 ºC-ko tenperaturak ekarriko ditu
Denboralea asteartean iritsiko da, eta aste honetakoa baino hotzagoa izango da segur aski.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskalmet EAEko meteorología agentziak iragarri du beste hotz denborale bat etorriko dela hurrengo astean, eta tenperatura minimoak -5 ºC-koak izango direla. Maximoak, ordea, 0 ºC-koak izango dira.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarri du ostiral, larunbat eta iganderako, elurra eta olatuak direla eta (azken egun horretan elurragatik bakarrik).
Iragarpenen arabera, olatu handiak espero dira ostiralean eta larunbatean, 3,5 metrorainokoak eta elur maila 400-500 metroan kokatuko da.
Ostiralean abisu horia ezarriko dute itsasaldeko arriskuengatik. Olatuen altuera 3,5 metro ingurukoa izatea eta itsasgora, berriz, 4,654 metro ingurukoa izatea espero da.
Elur-kota, berriz, 1.000 metrora jaitsiko da ostiral goizaldean EAEn, batez ere, barnealdean. Goizean 700-800 metrora egingo du elurra, eta gauean 500 metroraino jaitsiko da elur-maila.
Euria ere espero da ostiralerako, baina prezipitazioak arinak izango dira, eta, gehienbat, kostaldean botako du.
Larunbatean egun osoan elurrari dagokion abisu horia indarrean egongo barnealdean eta 400-500 metroan elurra egin dezake. Hala ere, egunaren amaieran elur-maila 600-700 metroan kokatuko da.
Hurrengo hotz denboralea
Asteartetik, beste hotz denborale bat helduko da, aste honetakoa baino hotzagoa segur aski. Horrenbestez, tenperatura minimoak -5 ºC-koak izango dira, eta maximoak 0 ºC-koak.
Antza denez, denboralea sikua izango da, baina baliteke itsas mailan elurte edo euriteren bat izatea.