Gizartea -
Pederastia
Mendizabalen aurkako beste salaketa bat baieztatu du Munillak
Apaizaren aurkako hirugarren salaketa da, baina laugarren kasu bat egon daitekeen aztertzen ari dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak baieztatu du beste salaketa bat jaso dutela Juan Kruz Mendizabal Gipuzkoako bikario ohiaren aurka, 1994an sexu-abusuak egitea egotzita. Haren aurkako hirugarren salaketa da, eta baliteke laugarren kasu bat ere egotea.
Munillak prentsaurrekoan azaldu duenez, biktimak justizia arruntera jotzeko asmoa du.
Elizak kondenatu egin zuen uztailean, 2001 eta 2005 urteen artean bi adingaberi sexu abusuak egin zizkiela jakin ostean.
Mendizabal Donostiako Elizbarrutiko bikario nagusi izendatu zuten 2013an, eta iazko apirilean kargugabetu zuten, salaketaren berri izan ondoren.
Munillak azaldu duenez, eliza-prozesu horretan Mendizabalek aitortu egin zuen errudun dela, eta “ministerioarekin jarraitzeko eta terapia psikologikoa eta espirituala jasotzeko” kondena ezarri zioten.
Nolanahi ere, hirugarren kasu honen berri izan ondoren, Gotzaintzak dekretu bat onartu du gaur, apaizari lau “prebentzio neurri” inposatzeko. Hauek dira, hain zuzen ere: “apaiz ministerioarekin jarraitzea debekatzea”, monasterio batean giltzapetzea (gotzainaren baimenarekin baino ezingo da irten), terapia psikologikoarekin eta espiritualarekin jarraitzea eta adingabeekin egotea debekatzea, beste heldu batekin batera ez badago.
Gotzainak zehaztu duenez, gaur goizean Juan Calparsoro EAEko fiskalburuarekin hitz egin du, biktimak auzitara jo nahi duelako.
Baliteke laugarren kasu bat egitea
Bestalde, Munillak baieztatu du Eliza laugarren kasu bat ote dagoen aztertzen ari dela.
Kasu horren inguruan, gotzainak esan du ezin izan duela balizko biktimaren testigantza jaso, baina Fiskaltzarekin kontaktuan dagoela.
Salaketa jartzeko deia egin du
Munillak sexu abusuak salatzeko deia egin die balizko biktimei, eta Mendizabal auzia hori egiteko "aukera paregabea" izan daitekeela adierazi du.
Gotzainak "gaitzespen irmoa" agertu du sexu abusuen aurrean, bereziki apaiz batek egin baditu.
"Elizaren izenean barkamena eskatu nahi diet biktimei eta horien senideei", nabarmendu du.