Gizartea -
Facebooken atzera egin du
Ikusgai dago berriro Facebooken Chrysallisen kanpainako irudia
Sare sozialak ume biluziak ageri ziren kartela kentzeko agindu zion elkarteari. Akatsa izan dela onartuta, berriro eskegi ahal izan dute.
EITB.EUS
"Badira zakila duten neskak eta bulba duten mutilak" kanpainaren irudia zintzilikatu ahal izan du Chrysallis Euskal Herria elkarteak Facebooken. Berez, asteartetik beharko luke eskegita, baina sare sozialak zentsuratu egin zuen egun horretan.
Zentsuratutako irudian lau ume ageri dira, biluzik. Horietako bat zakila duen neska da, eta beste bat, bulba duen mutila. Kanpaina autobus eta metroko geltokietan da ikusgai urtarrilaren 10etik, eta Facebooken eskegi zutenean, sare sozialak mezua bidali zien: irudia kentzen ez bazuten, orrialdea itxiko zieten. Alternatiba gisa, umeen genitalak estali zituen elkarteak eta zentsura salatu.
Elkarteak ohar batean adierazi duenez, Facebookek atzera egin du azkenean, eta irudia zintzilikatzeko baimena eman die.
Chrysallis Euskal Herriak "eskerrak" eman dizkie elkartasuna agertu eta zentsura salatu zuten ehunka lagunei. Izan ere, presio horri esker lortu dute "kartela berreskuratzea".
Sare sozialak emandako datuen arabera, 120.000 erabiltzaileri heldu zitzaien kanpainaren irudia. Twitterren ere harrabotsa izan zuen, eta etiketa propiorik ez izan arren, gaia EAEko eta Nafarroako 10 gai aipatuenen artean egon zen.