Gizartea -
2017ko lan egutegia
Ez da jaiegunik izango datozen hiru hilabeteetan
Errege egunaren ospakizunaren ostean, lan-egutegiak ez du jasotzen egunik gorriz Aste Santuari hasiera emango dion apirilaren 13ra arte (Ostegun Santua).
eitb.eus
Ostegun honetan, urtarrilaren 5ean, gure herri eta hirietan hainbat Errege Magoen kabalgata egingo dira urtarrilaren 6an ospatuko den Errege egunaren bezperan. Ostiralekoa gazteek eta ez horren gazteek ilusioz itxaroten duten eguna da, bai irrikatzen dituzten opariak jasoko dituztelako, bai Erregetako Loteriaren zozketan zerbait egokituko zaien esperantza dutelako.
Alabaina, 2017ko lan-egutegiari gainbegiratu bat emanez gero, gomendagarria litzateke Errege egunak eskaintzen dituen aisialdirako orduak ondo aprobetxatzea; izan ere, enplegua dutenek opor-egun gisa disfrutatu ahal izango duten azkena izango da apirilak 13 betetzen dituen arte. Egun horretan Ostegun Santua iritsiko da eta, berarekin batera, Aste Santuko jaiegunak. Egun horiek, bakoitzak izan dezakeen erlijiozko debozioa gorabehera, gogotsu hartzen ditu langile orok, atseden hartzeko edota aisiarako aukerak profitatzeko asmoz kasurik gehientsuenetan.
Litekeena da, bati baino gehiagori ezin luzeagoa egitea itxaronaldia, jairako aukerarik eskaintzen ez duten hiru hilabete baitira guztira. Aitzitik, gauza jakina da grina handiz espero den oro atsegin handiagoz gozatu ohi dela.
Dena dela, beti dago salbuespenen bat. Horrela, otsailaren azken astean Inauterien txanda izango da, eta sasoi horretan ikastetxeek eta bertako langileek jaiegunak izango dituzte, gainerakoen eskura egongo ez direnak. Horrenbestez, ikastetxe gehienek libre hartuko dituzte otsailaren 27a eta 28a, baina egongo da aste osoa jai hartuko duen zentrorik ere, Aste Zuria baliatuta.
Azkenik, nahiz eta jai lokal bat izan, aipatzeko modukoa da urtarrilaren 20an (ia-ia mozorroa janzteko garaia izan baino hilabete aurretik) Gipuzkoako zenbait herritan (Donostia eta Azpeitia, kasu) San Sebastian egunez ospatuko dituzten danborradak, egutegiak Gipuzkoan aurkezten dituen egun nagusietakoa baita, batez ere hiriburuan.