Gizartea -

Zubietako erraustegia

Erraustegiaren lehen esleipena eteteko akordioa, bertan behera

Donostiako auzitegi batek bertan behera utzi du erraustegia ez eraikitzeko GHK-k obra egitekoa zuten enpresekin 2013ko azaroan lortutako akordioa.

Zubietako errauste plantaren proiektua. Artxiboko argazkia: EiTB
Zubietako errauste plantaren proiektua. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak baliorik gabe utzi du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) Zubietako errauste planta eraiki behar zuen aldi baterako enpresa elkartearekin —FCCSA, SBSL, AYUSA, CMSA e HZIAG— esleipena eteteko 2013ko azaroan sinatu zuen kontratua. Akordio horren arabera, GHK-k zortzi milioi euroko kalte ordaina eman zion aipaturiko enpresa elkarteari. Esleipena eten zen garaian Bilduk agintzen zuen Gipuzkoako Foru Aldundian.

Donostian eskainitako prentsaurrekoan gaur ezagutarazi den epaiaren berri eman dute Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatuak eta Felix Asensio Ingurumen zuzendariak. Foru Aldundiko zerbitzu juridikoa epaia aztertzen ari dela azaldu ostean, koalizio abertzaleari ardurak eskatuko dizkiola iragarri du, haren esanetan, ondorioak ezin direlako doan izan.

Asensiok azaldu duenez, epaitegiak aintzat hartu du esleipena bertan behera uzteko akordioaren aurka San Markosko eta Debabarrenako mankomunitateek, Arcadio Benitez, Ricardo Garate, Ioseba Arrizabalaga, Denis Itxaso eta Igor Iturain batzarkideek aurkeztutako helegitea. Auzitegiak ez zela legezkoa ebatzi du eta, ondorioz, baliorik gabe utzi du.

Kontratua bertan behera gelditutakoan, Gipuzkoako Foru Aldundiak zortzi milioi euroko kalte ordaina eman behar izan zion Zubietako erraustegia egitekoa zuen enpresa elkarteari. Gainera, beste prestaketa lanetan beste hiru milioi euro gastatu zituen. Ez hori bakarrik, Asensioren esanetan, guztira 40 milioi euroko galerak eragin dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari.

Kostu ekonomikoaz gain, erabakiak Europako Inbertsio Bankuaren inbertsioa galtzea ere eragin zuela azpimarratu du Asensiok.

Foru diputatuaren hitzetan, orain epaitegiek baliorik gabe utzi duten erabakiak "Gipuzkoa osoari kalte egin zion", "galera ekonomikoak, Europako erakundeen aurrean sinesgarritasuna galtzea eta Gipuzkoa hondakinen kudeaketarako azpiegiturarik gabe uztea" eragin zuelako. Gaineratu duenez, koalizio abertzaleak bere interesak jarri zituen gipuzkoarren interesen aurretik.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak Gipuzkoa Epaiketak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Ingurumena albisteak