Gizartea -

Epaia

Gasteizko saltoki bat, bezero bati 25.000 euro ordaintzera zigortua

Gizona lauzpabost orduz atxilotuta egon zen 500 euroko billete faltsu bat erabiltzea leporatuta. Gerora, billetea legezkoa zela frogatu zen eta gizonak epaitegietara jo zuen.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko saltoki batek 25.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio bezero bati, Arabako Probintzia Auzitegiak emandako epaiaren arabera. Ertzaintzak gizonezkoa atxilotu zuen erosketa bat egiteko 500 euroko billete faltsua erabili zuelakoan. Gerora, billetea legezkoa zela frogatu zen, eta gizonak epaitegietara jo zuen.

Ebazpen judizialaren arabera, salatutako gertaera 2015eko maiatzaren 13an jazo zen. Gizona 500 euroko billete batekin Gasteizko Gorbeia merkatalguneko Brico Depot saltokian erosketa egiten ahalegindu zen.

Kutxako langileak billetea diru faltsua atzemateko makinatik pasatu zuen eta makinak gezurrezkoa zela salatu zuen. Gero, langileak errotuladore bat erabili zuen eta billetea faltsua zela ondorioztatu zuen. Hori dela eta, langileak billete horrekin erosketa egitea galarazi zion.

Gizonak, haserre, beste produktu bat hartu zuen, eta erosketa egiten ahalegindu zen. Hala ere, makinak billetea gezurrezkoa zela zioen, bai ordainleku batean zein bestean. Bigarren saiakeran, dendako arduradunak 500 euroko billetea atxiki eta Ertzaintzari deitu zion. Gizona atxilotu eta ertzain-etxera eraman zuten, ustez iruzur delitua egitea leporatuta.

Bost egun geroago, billetea legezkoa zela egiaztatu zuen Ertzaintzak. Gasteizko 1. Instrukzio Epaitegiak prozesua artxibatzea erabaki zuen eta 500 euroko billetea bezeroari itzultzea agindu zuen. Hala ere, gizonak salaketa aurkeztu zuen Arabako Auzitegian.

Epaiaren arabera, salatzaileak kalte morala jasan zuen eta horri erreparatzea saltokiari leporatu dakioke. Hori dela eta, eragindako kalte morala tarteko, Brico Depot saltokiak 25.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio bezeroari. Aldeek kasazio helegitea aurkez dezakete Auzitegi Gorenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Epaiketak argazkiak Gizartea albisteak Gasteiz Gaurko azken ordukoa