Gizartea -
Prezio berriak
Bizkaiko hiru bidesarietako tarifek gora egingo dute urtarrilean
AP-8 autobideko, metropoliaren hegoaldeko saihesbideko eta Artxandako tuneletako tarifak % 2 igoko dira urtarrilaren 1etik aurrera.
Agentziak | Erredakzioa
AP-8 autobideko, Bilboaldeko Metropoliaren Hegoaldeko Saihesbideko eta Artxandako tuneletako tarifek % 2 egingo dute gora, batez beste, 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiak ohar baten bidez iragarri duenez.
Tarifa berriek ez dute aldaketarik sortuko datorren urterako onartutako diru-laguntzen araubide berrian. Hala, lurraldeko bidesarietako erabiltzaileek ez dute 30 euro baino gehiago ordainduko hilean AP-8a, supersaihesbidea eta Artxandako tunela erabiltzeagatik, Bizkaian bizi badira eta eskaera egiten badute.
Halaber, berritasun gisa, urteberriko lehenengo egunetik diru-laguntzak jasoko dira hiru bideotan eginiko gastuengatik (11. bidaiatik aurrera % 35eko diru-laguntza eta 26. Bidaiatik aurrera % 45ekoa). Diru-laguntzak jasotzeko ondorengo baldintzak bete beharko dituzte erabiltzaileek: Bizkaian bizitzea, OBE gailua izatea (VIA-T) eta ordainketak gailu horrekin egitea (Via-T).
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, gailua jaulkitzeko kuota doakoa izango da erabiltzaile berrientzat (lehenengo urtean bost euro ordaindu beharko dituzte mantentze-kuota gisa eta zazpi euro hurrengoetan). Aurretik teleordainketarako gailua duten erabiltzaileek gehienez zazpi euro ordainduko dituzte urteko kuota legez.