Gizartea -
Polemika
Gasteizko Udalak zezenketak egiteko aukera ireki du, jaietatik kanpo
Andre Maria Zuriaren jaietan ez da zezenketarik izango, baina beste egun batean antolatu nahi dituenari Udalak ez diola debekurik jarriko esan du alkateak.
Agentziak | Erredakzioa
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ostegun honetan egindako agerraldian adierazi duenez, datorren urteko Andre Maria Zuriaren jaietan ez da zezenketarik izango, baina beste egun batean zezenketak antolatu nahi dituen pertsona batek hori ordaintzeko prest agertuko balitz, Udalak ez liokeela debekurik jarriko esan du.
Era berean, Gasteizko Udalak ez duela diru publikoarekin zezenketak finantzatuko argitu du ostegun honetan egindako agerraldian.
Azken bi urteotan, Jose Gutiño enpresariak antolatu ditu Gasteizko zezenketak, baina horrek suposatzen duen inbertsioa eta diru-galerak kontuan izanda, antolaketa horren ardura bertan behera uztea erabaki zuen. Aurten, Gasteizko zezenketak antolatzeak 80.000 euroko diru-galera suposatu dio.
Arrazoi horregatik, Gasteizko Udalak zezenketak antolatzeko beste deialdi bat jarri zuen martxan, baina ez zenez enpresa bakar bat ere aurkeztu, Udalak erabaki zuen ez zuela deialdi berri bat egingo. 2017ko Andre Maria Zuriaren jaietan ez denez zezenketarik izango, egitarau berria Blusen eta Nesken Batzordearekin adostu beharko du.
Urtaranek ziurtatu duenez, erabakia finkoa da eta Gasteizen ez da zezenketarik izango datorren urteko jaietan, baina beste egun batean zezenketak antolatzeko asmoz eta horrek suposatzen duen guztia ordaintzeko prest dagoen norbait agertuko balitz, Udalak ez liokeela debekurik jarriko ziurtatu du.