Gizartea -

Desobedientzia ekintza

Bi euskal herritar Grezian atxilotuta, errefuxiatuak garraiatzeagatik

Mikel Zuloaga bizkaitarra eta Begoña Huarte nafarra Igoumenitsako (Grezia) portuan atzeman dituzte, “elkartasun eta salaketa publikorako ekintza bat” egiten ari zirela.

Errefuxiatuen egoera salatzea zen ekintzaren helburua
Errefuxiatuen egoera salatzea zen ekintzaren helburua
Mikelek eta Begoñak gaur deklaratu dute epailearen aurrean

1:33

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikel Zuloaga eta Begoña Huarte euskal herritarrak Igoumenitsako (Greziako ipar-mendebaldea) portuan atxilotu dituzte, autokarabana batean zortzi pertsona errefuxiatu garraiatzen ari zirela. Desobedientzia zibileko ekintza honen helburua pertsona horiekin Euskal Herrira heltzea zen, beraien egoera salatzeko. Bihar, ostegunarekin, hartuko ditu epaileak, "bidaiatzeko dokumentu egokiak ez zeuzkaten pertsonak garraiatzen saiatzea" leporatuta.

Harrera Solidarioa elkarteak ohar batean azaldu duenez, “elkartasunezko ekintza bat egiten ari ziren, Europako migrazio politikak salatu eta giza eskubideak babesteko jarduera bat gauzatzen”.

Zuloaga, Huarte eta beraiekin zihoazen beste zortzi pertsonak gaur, abenduak 28, atzeman dituzte goizaldean, kontrol arrunt batean, Italiara eramango zituen itsasontzi batean sartzear zeudela.

Bi euskal herritarrok atxilotuta daude, epailearen aurrean agertzeko zain, eta baliteke gizakien trafikoa leporatzea, Grezian kartzela zigor oso altuak dituen delitua. Bestalde, Kostazainek emandako informazioaren arabera, zortzi errefuxiatuetako seik babes politikoa eskatua zuten Grezian, eta aske utzi dituzte. Beste biak, ostera, atxilotuta daude oraindik.

Dena dela, Harrera Solidarioko ordezkariek azpimarratu dute desobedientzia zibileko ekintza solidarioa zela eta gizartearen aurrean Europako migrazio legeak salatzea zela helburua.

“Gobernuek beldurra legeztatzen jarraitzen dute”

Atxilotuek bideo bat grabatu dute Poliziak atzeman aurretik, eta herritarrek “desobeditzeko, pertsona errefuxiatuak ekartzeko eta Euskal Herria abegi onez hartzen duen lurralde bihurtzeko” eskubidea dutela esan dute bertan, gobernuek “beldurra legeztatzen eta kupo mirrinak ez betetzen” jarraitzen duten bitartean.

Euskaraz eta gaztelaniaz grabatutako bideoan, beren gain hartzen dituzte ekimenaren ondorioak, ez baitiote “historiako beste sarraski handi batzuen antzeko basakeria honi” lagunduko.

“Giza eskubideei men egiten diegu, eta Europako gobernuei desobeditzen diegu, milaka pertsonarentzat heriotza, atxiloketa eta deshumanizazio gune bihurtu baitituzte mugak”.

Biak “oso ondo” daude, eta argi utzi nahi dute ez direla heroiak, “ezpada lege bidegabeok desobeditzeko deia egiten duen pertsona talde oso zabal bateko kideak”, azaldu dute atxilotutakoei babesa emateko Bilbon egin duten prentsaurrekoan Carlos Askunze eta Nati Ovelleiro bozeramaileek.

Hamaika gizarte talde, sindikatu eta alderi politikotako ordezkariek, Zuloagaren eta Huarteren adiskide eta senideek eta beste herritar batzuek eginako agerraldiaren ostean, kontzentrazio bat egin dute Bilboko Zazpikaleetan.

Jaurlaritzak "amorrua ulertzen du"

Eusko Jaurlaritzak ohar baten bidez adierazi duenez, Grezian atxilotutako bi ekintzaileen amorrua ulertzen du, baina ez dago ados salaketa egiteko moduarekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea