Gizartea -
Zirkulazioa
Mozkorturik zegoela Gasteizen bi auto jo zituen gidaria ertzaina da
Ikerketaren ingurukoek baieztatu dutenez, Ertzaintzako agentea da bere ibilgailuaz Arabako hiriburuan ondo aparkatuta zeuden beste bi auto kolpatu eta gehienezko alkohol tasa hirukoiztu zuena.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzako agentea da asteartean Gasteizen egoki aparkatuta zeuden bi auto jo eta alkohol tasa hirukoiztu zuen pertsona.
Hori baieztatu dute gertakari honen ikerketaren inguruan dabiltzan hainbat pertsonak. Asteartean, 20:15ean, izan zen jazoera, Gasteizen, Urbasa mendiaren kaleak eta Baiona kaleak bat egiten duten tokian.
53 urteko agenteak aparkatuta zeuden bi auto jo eta kalteak egin zizkien, eta, Udaltzaingoak eginiko alkohol probetan, 0,71 eta 0,85 miligramo alkohol bota zituen aire litro bakoitzeko. Positiboak izan ziren, beraz, 0,25ekoa baita baimendutako gehiengoa.
Gasteizko Poliziak izapideak bideratu zituen Guardiako Epaitegira, alkoholdun edarien eraginpean gidatzeagatik bide segurtasunaren aurkako delitu bat egotzita.
Hainbat hedabidek argitaratu dutenez, Ertzaintzaren erdi mailako agintaria da agentea, eta bereizgarririk gabeko ibilgailu ofiziala gidatzen ari zen.
Segurtasun Sailak adierazi duenez, datuak baieztatuz gero, diziplinazko espedientea zabalduko dute.