Gizartea -
Udalaren osoko bilkuran
Pertsona bat atxilotu dute Donostian erraustegiaren aurkako protestan
50 bat pertsonak protesta egin dute Zubietako erraustegiaren plan urbanistikoa eztabaidatu behar zen osoko bilkuran. Alkateak bertan behera utzi du saioa.
Agentziak | Erredakzioa
Zubietako erraustegiaren kontrako protesta egin dute gaur 50 bat lagunek Donostiako Udalaren osoko bilkuran, eta horietako bat atxilotu dute "identifikatzeari uko egin eta agenteei aurre egiteagatik". Eneko Goiak bertan behera utzi du saioa.
Zubietako erraustegiaren plan urbanistikoa eztabaidatu eta onartu behar zuten gaur osoko bilkuran. GHK-k erraustegia egin ahal izateko nahitaezko izapidea da Arzabaletako eremuaren (Zubieta auzoa) plan urbanistikoa onartzea.
Saioaren une batean, aretoan ziren 50 lagunek erraustegiaren kontrako kartelak altxatu eta zinegotzi batzuen kontrako oihuak egin dituzte. "Lapurrak" eta "diruaren morroi" deitu diete.
Eneko Goia alkateak isiltzeko eta aretoa uzteko eskatu die manifestariei, eta uko egin diotenez, azkenean bertan behera utzi du saioa.
Ondoren, aretoa utzi dute EAJko, PSE-EEko eta PPko zinegotziek, eta EH Bilduko eta Irabaziko kideak bakarrik geratu dira, manifestariekin batera.
Saioan aztertu gabe geratu diren gaiak urtarrileko osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte.
Eneko Goia alkateak kazetariei esan dienez, gertatutakoa "probokazio hutsa" izan da. Haren ustez, protesta egin dutenek "liskarrak eragin nahi zituzten".