Gizartea -
Euskadi
Unibertsitatera sartzeko proba selektibitatearen antzekoa izango da
Probak bi fase izango ditu: orokorra eta espezifikoa. Bi fase horietako ariketak Batxilergoko bigarren mailako curriculumeko gaiekin bat etorriko dira.
Agentziak | Erredakzioa
Unibertsitatera sartzeko ebaluazio proba selektibitatearen antzekoa izango da. Ekainaren 7, 8 eta 9an izango da ohiko deialdiari dagokiona, eta uztailaren 5, 6 eta 7an ez-ohiko deialdian.
Hala iragarri du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak hezkuntza komunitateko arduradunekin izan duen bileran, Gasteizen.
Unibertsitatean sartzeko soilik hartuko da aintzat proba, eta hau gainditzea ez da beharrezkoa izango Batxilergo titulua eskuratzeko. Uriartek azaldu duenez, probak bi fase izango ditu: orokorra eta espezifikoa. Bi fase horietako ariketak Batxilergoko bigarren mailako curriculumeko gaiekin bat etorriko dira.
Fase orokorraren kasuan, bost ariketa garatu beharko dituzte ikasleek, eta bakoitza 0 eta 10 puntu arteko puntuazioarekin kalifikatuko dute.
Probaren fase espezifikoa, berriz, borondatezkoa izango da, sarrera nota hobetu nahi duten ikasleentzat. Gehienez ere hiru gai aukeratu ahal izango dituzte (fase orokorrean hautatu ez direnen artean).
Beste alde batetik, 20162017 ikasturte honetan Lehen Hezkuntzako 4. Mailako eta DBHko 2. Mailako ebaluazio diagnostikoak burutuko dira. Probak, aurreko urteekin alderatuta, aurreratu egingo dira (aurten martxoan egitea aurreikusi du Hezkuntza Sailak). Horrela, ikastetxeek euren emaitzak lehenago ezagutuko dituzte, hurrengo ikasturte akademikorako hobekuntza planak diseinatzeko aukera izanik.