Gizartea -

Indarkeria matxista

Andoainen jipoi basatia pairatu zuen neska hobera egiten ari da

- Antza denez, erasotzailea ijitoa da, adingabea izan liteke, eta Lasarte-Orian du bizitokia.

- Andoaingo Udala akusazio partikular bezala aurkeztuko da auzian.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoaingo Udala (Gipuzkoa) akusazio partikular bezala aurkeztuko da ostiralean 18 urteko neska bati jipoi basatia eman zion mutilaren aurka.

Ertzaintzak susmagarria bilatzen jarraitzen du, ihes eginda baitago harrezkero.

Biktimak identifikatu egin du. Antza denez, erasotzailea ijitoa da, adingabea izan liteke, eta Lasarte-Orian du bizitokia.

Neskatoa Donostia Ospitaleko Zainketa Berezien Gelan dago oraindik, baina hobera egiten ari da. Masailezurra hautsita dauka eta burmuinean edema bat du.

Erasoa goizaldean jazo zen, baina erasotzaileak abandonatuta utzi zuen, eta beraz, ostiral goiza arte ez zuten topatu neska. Konorte barik zegoen, eta ospitalera eraman behar izan zuten. Erasoaren ondorioz, masailezurra hautsita dauka eta burmuinean edema bat du.

Neskaren aitak esan du "lur jota" dagoela. Izan ere, bere sendian jazotako bigarren indarkeria matxista erasoa izan da, haren iloba bati ere eraso baitzioten.

Elkarretaratzea

Atzo, ehunka pertsonak elkarretaratzea egin zuten Andoainen, Udalak deituta, erasoa gaitzesteko.

Protestak 15 minutu iraun zuen, eta partaideak isilik izan ziren uneoro.

Besteak beste, biktimaren aita eta senide batzuk, Andoaingo zinegotziak eta Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea izan ziren elkarretaratzean.

Udalaren gaitzespena

Elkarretaratzea egin baino lehen, Andoaingo Udaleko bozeramaleen batzordeak eraso "basatia" gaitzesteko adierazpen bat onartu zuen aho batez.

Testuan, Udalak "bere babes osoa" eta "laguntza judiziala" eskaini zien neskaren senideei.

Halaber, herriko neska eta emakume guztien segurtasuna "hobetzeko" konpromiso "sendoa" agertu zuen.

Horren ildotik, "konfiantza eta lasaitasuna" eskatu zien herritarrei, "behar beste kudeaketa" egingo baitituzte "Poliziarekin" babes eta segurtasun neurriak hartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea