Gizartea -
Prentsaurrekoan
Kurdistanen aldeko manifestazioa deitu dute Bilbon abenduaren 17an
Horrez gain, antolatzaileek Turkiako gobernuarekin harremanak etetea eskatu diete erakunde publikoei.
Agentziak | Erredakzioa
Zenbait gizarte-erakundek Kurdistanen aldeko eta giza-eskubidekiko errespetua aldarrikatzeko manifestazioa deitu dute Bilbon datorren abenduaren 17an. Aldi berean, Turkiako gobernuarekin "harremanak bertan behera uztea" eskatu diete antolatzaileek erakunde publikoei.
Bilbon eskainitako prentsaurrekoan adierazi dutenez, Plaza Eliptikoan ekingo diote manifestazioari 12:30ean 'Faxismoaren aurrean, Gora Kurdistan' lelopean.
Bestalde, azaroaz geroztik Tayyip Erdogan presidente turkiarrak "errepresio-makina" martxan ipini duela salatu dute, eta HDP alderdiko parlamentariak atxilotu dituela nabarmendu dute. Halaber, estatu-kolpearen aitzakiak babestuta, errepresio-erasoa Turkia osoan hedatu dutela gaineratu dute.
Hori guztia kontuan izanik, eta erakunde publikoei Turkiako gobernuarekin dituzten harremanak eteteko deia eginez, manifestazioa deitu dute Bilboko kaleetan barrena, Kurdistanen alde eta giza eskubideak errespeta daitezen eskatzeko.