Gizartea -

Sinadura bilketa

Maluma abeslariaren kanta 'matxista' bat erretiratzea eskatu dute

Oraingoz 75.000 pertsonak sinatu dute 'Cuatro Babys' abestia debekatzeko eskaera Change.org plataforman.

Maluma abeslaria. EFE
Maluma abeslaria
Maluma abeslariaren kanta 'matxista' bat erretiratzea eskatu dute

1:48

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Matxista" eta "emakumearentzat iraingarria" dela iritzita, 75.000 pertsonak babestu dute Maluma artista kolonbiarraren "Cuatro Babys" kanta erretiratzeko Change.org plataforman erregistratutako eskaera.

Reggaeton estiloko musika egiten du Malumak. Abestian dioenez, "lau baby-rekin maiteminduta" dago "beti nahi dudana ematen didatelako, nik diodanean larrua jotzen dutelako, eta baldintzarik ipintzen ez didatelako". Eskakizuna Merkataritza Komunikazioa Erregulatzeko Elkarteari eta Ikuskizun Publikoak Ikuskatzeko Batzordeari zuzenduta dago.

Eskakizunean salatu dutenez, letrak eta bideoak berak emakumea gauza soil bat bihurtzen dute, eta "erabakitzeko gaitasunik ez duen izaki gisa" aurkezten dute, "diru askodun gizonen beharrizanak asetzeko bakarrik existituko balitz bezala".

Laura Perez kanpainaren sustatzaileak kritikatu duenez, eta betiere letra aintzat hartuta, "neskek nahi duten bakarra hauxe da: isurketa barruan egitea, haurdun uztea eta (zakila) sakon sartzea".

Plataforma berean jasotako beste eskakizun batean Maluma genero indarkeria goratzeagatik ikertzea galdegin dute. Horren bultzatzailearen, Marina Gonzalezen, esanetan, "Malumak egindakoa ez da matxista. Zigor Kodeak 510 artikuluan jasotako ustezko DELITUA da".

Bi eskakizun hauei aurre eginez, abestia ez erretiratzeko eske batzuk ere erregistratu dituzte (babes gehien duenak 2.000 bat sinadura jaso ditu). "Abestia gustatzen ez bazaizue, ez entzun", diote.

Abeslariak ez du publikoki adierazpenik egin, baina honakoa bota du Twitterren duen kontuan:

 

 

(Gauza bat dela edo bestea dela, beti epaituko zaituzte. Egin bakarrik bihotzetik ateratzen zaizuna, zoriontsu egiten zaituena. Jesu Kristoz hitz egin bazuten, harritzen al zara zutaz ari direlako?)

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Espainian Kultura