Gizartea -
Indarkeria matxista
19 urteko neska batek sexu erasoa jasan duela salatu du Bilbon
Casilda Iturrizar parkean erdi biluzik eta minduta itzartu zen astearte goizaldean. Ospitalean artatu zuten.
EITB.EUS
19 urteko neska batek salaketa jarri du Ertzaintzaren aurrean, Bilbon jasan zuen sexu erasoa dela eta.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baieztatu duenez, erasoa asteartean jazo zen. Neska lagun batzuekin atera zen abenduaren 6an, eta handik ordu batzuetara, nola ez dakiela, Casilda Iturrizar parkean itzartu zen, erdi biluzik eta minduta. El Correo egunkariak gaurko alean dakarrenez, ez zen gertatutakoaz gogoratzen, eta burundangarekin drogatu zuten susmoa dago.
Basurtuko Ospitalera jo zuen biktimak, eta salaketa jarri. Une horretatik aurrera, indarkeria matxista kasuetarako ezarrita dagoen protokoloa jarri zuten indarrean.
Gazteen Batzordeak sexu-erasoa gaitzetsi du
Euskadiko Gazteeen Batzordeak sexu-erasoa gaitzetsi du , eta balizko lekukoei “inplikatzea, ez isiltzea, parte hartzea eta biktimei laguntzea” eskatu die.
Ohar batean, gaztearen ausardia ere goraipatu dute, erasoa salatzeko garaian. Dirudienez, “burundanga”ren efektupean izan zen.
Eraso hauek genero-indarkeriaren aurkako legean sartzea eskatu du batzordeak, eta herritarak matxismoaren eta erasoak baino lehen izaten diren jokabideen aurrean “modu aktiboan” jarrera hartzera premiatu ditu.