Gizartea -
Ikerketa
Minbizidun zelulek gantza behar dute metastasia garatzeko
Metastasia duten pertsonentzako terapia bat prestatzeko bost eta hamar urte bitartean behar direla jakinarazi dute ikerlariek.
Agentziak | Erredakzioa
Bartzelonako Ikerketa Biomedikoko Institutuko (IRB) zientzialari talde batek baieztatu duenez, gantz-kontsumoak areagotu egiten du minbizidun zelulek metastasia garatzeko arriskua.
Salvador Aznar ikerlariak azaldu duenez, minbizidun arratoiekin egin dituzten ikerketetan ohartu dira gantz-kontsumoak % 10 eta % 15 bitartean areagotzen duela minbizidun zelulek metastasia garatzeko arriskua.
Aznar ikerlariak jakinarazi duenez, metastasia garatzen duten zelulak zeintzuk diren jakitea eta horien ezaugarriak ezagutzea izan zen hasierako helburu nagusia. Alabaina, ikerketa martxan jarri zutenean CD36 proteina aurkitu zuten (gantz-azidoak hartzen ditu) eta minbizidun zeluletan presentzia handia izan ohi duela aztertu zuten.
Ikerketa amaitu ostean, zientzialariek terapia bat minbizidun arratoiekin frogatzea erabaki zuten. Hala, CD36 proteinari antigorputzak ezarri zizkioten, gantz-azidoei ateak ixteko.
Aznarrek azaldu duenez, terapia hori arratoiekin frogatu dute bakarrik, oraindik ez dituztelako pertsonekin bateragarriak izan litezkeen terapiak prestatu.
Ikerlariak azaldu duenez, aurrena aho-minbizia duten gaixoekin probatuko luke terapia, hori minbizirik kaltegarrienetariko bat baita. Hurrengo fasean, azaleko, giltzurrun eta maskuriko, birikiko edo bularreko minbizia duten gaixoekin frogatuko luke.
Metastasia minbizidun zelulek gorputzean zehar egindako hedadura da, beti ere jatorrizko lekutik beste organo batzuetara. Arrazoi horregatik, ikerlariek diote CD36 proteina desagertuz gero tumorea ezingo litzatekeela hedatu.
Orain arte lortu dituzten emaitzekin pozik agertu diren arren, metastasia duten pertsonentzako terapia eraginkor bat prestatzeko bost eta hamar urte bitartean behar direla jakinarazi dute ikerlariek.