Gizartea -
Erandioko krimena
Epaimahaiak erruduntzat jo du Almudena Matarranzen bikotekidea
Azpikeriaz egindako hilketa delitua egotzi dio epaimahaiak. Aldeek 12 urteko espetxe zigor eskaera egin dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Epaimahaiak erruduntzat jo du iaz Erandion (Bizkaia) Almudena Matarranz bikotekidea hil zuen gizonezkoa. Hain zuzen ere, azpikeriaz egindako hilketa delitua egotzi dio, Bizkaiko Lurralde Auzitegian egindako epaiketan. Aho batez hartu dute epaia.
Idatzian, epaimahaiak frogatutzat eman du akusatuak (J.V.D.G., 39 urte) nahita hil zuela bikotekidea iazko urriaren 3an, Erandion.
Kasu honetan, alde guztiek (akusazioak zein defentsa) 12 urteko espetxe zigor eskaera egitea adostu dute, baina genero indarkeria delitua egotzi gabe.
Epaiketan, gizonak aitortu egin du emakumea hil zuela eta ondoren gorpua ohe azpian ezkutatu zuela.
Gainera, epaimahaiak frogatutzat eman du akusatuak uste zuela bi klasekide ohik konplot bat egin zutela bere aurka, eta bikotekidea ere horren parte zela.
Hori horrela, gizonak buruko gaitz bat duela aringarri gisa onartu du epaimahaiak.